Bizkaiko Metalak jarraipen masiboarekin erantzun dio bost eguneko lehen greba egunari

2022/11/28
Goizetik egiaztatu ahal izan da grebaren jarraipena orokorra eta erabatekoa izaten ari dela zenbait eskualdetan, hala nola Durangaldean. Aipatzekoa da, halaber, Petronorreko azpikontrata guztiek bat egiten dutela grebarekin.

ELAk bi zutabetan banatutako manifestazioa egin du goizean goiz Bilboko kaleetan zehar, eta patronalaren egoitzaren aurrean amaitu da. Bertan, ELAk FVEMi leporatu dio metalgileko langileak pobretzen jarraitzea. Eguerdian beste manifestazio jendetsu bat egin da Bilboko erdigunean

Patronalaren proposamen eskasari erantzunez, berriro ere kalera atera dira Bizkaiko Metaleko langileak. Bilboko kaleetan egin dituzte mobilizazioak ELAko langileek. Aurrena, bi zutabetan banatuta mobilizatu dira, eta gero elkarrekin Moyua plazatik abiatuta.

Izan ere, azaroaren 25eko ostiralean, Bizkaiko Metaleko patronala proposamen itxi eta eskasarekin joan zen negoziazio bilerara. Ez dute negoziatzeko interesik erakutsi, egin duten soldata eskaintza oso urrun baitago indarraldiko urte bakoitzean KPIaren igoerak bermatzetik sektore osoan. FVEMek esaten duenean erosteko ahalmena bermatzen dutela, gezurretan ari dira. Gainera, patronalak ez dio uko egiten Rajoyren lan erreformak arbitrajera jo ahal izateko eta Hitzarmena ez aplikatzeko eman zion pribilegioari. Gainerako edukietan, patronalak subrogazioan planteatzen ditu bakarrik aurrerapausuak.

Gauzak horrela, ELAk uste du borrokan jarraitu behar dela sektorean sortzen ari den aberastasuna modu bidezkoagoan banatuko duen hitzarmena lortu arte.

Bihar, bigarren greba eguna, ELAk Ezkerraldera joko du. 11:30ean Barakaldon manifestazioa egingo du.