Bizkaiko Metalaren Hitzarmena ez sinatzeko ELAren erabakia berretsi dute aho batez militanteek

Gaur, otsailaren 7an, ELAko militanteek asanblea egin dute Bilboko Bidebarrieta Liburutegian. Bertan, Bizkaiko Metalaren Hitzarmenaren negoziazioei, gatazkari, edukiei eta azken akordioari buruz hitz egin dute. Azken horri buruz zalantza ugari plazaratu dira. Izan ere, orrialde eta erdi besterik ez duen testuak hainbat arlo ditu garatu gabe, eta segurtasun juridiko falta nabaria du. Halako egoera gertatu zen 2019-2021eko hitzarmenaren aurreko akordioarekin.
Azkenik, ELAk otsailaren 3an Eusko Jaurlaritzan sinatutako akordioa atzera bota izana babestu dute parte hartzaileek, aho batez. Eta Bizkaiko metalgintzako langileen konpromisoa eta borroka goraipatu da, 2022ko 11 greba egunak gogoan.
Batzarra etorkizunerako mezu batekin amaitu da: ELAk konpromisoa hartu du Bizkaiko metalgintzako lantokietan borrokarekin jarraitzeko, enpresaz enpresa hitzarmen sektorialaren edukiak hobetzeko.