Bizkaiko Metalean borrokan jarraitzearen alde azaldu da ELA edukiak izango dituen hitzarmena lortzeko

Gogora dezagun uztailean ELAk bi asteko greba proposamena helarazi ziela gainerako sindikatuei (irailaren 26tik urriaren 7ra). Proposamen hori baztertu egin zuten sindikatuek iraileko asanbladan, eta adierazi zuten hiru greba egun soilik egiteko prest zeudela. Hilabete horretan bertan, Arabako metalaren negoziazio probintzialean, UGTk, CCOOk eta LABek akordio bat sinatu zuten patronalarekin. Sektorean greba egun batzuk deituak zituzten sindikatuek (ELA, CCOO eta LAB) gutxieneko edukiekin akordioa lortua zuten; plataformaren edozein eduki aho batez baino ezin zen aldatuko. Konpromiso horiek ez ziren aintzat hartu, ordea, eta CCOO eta LABek, grebak babestu ez zituen UGTrekin batera, konpromiso horiei muzin egin eta edukiz oso azpitik dagoen hitzarmena sinatu zuten patronalarekin. Gainera, akordioarekin, Arabako metalgintzako langileen %90 inguruk ez du soldata igoerarik izango.
Arabako eduki horiek eta konpromisoak bete ez zirela ikusita Bizkaian piztutako kezkaren harira, ELAk honakoa planteamentu hauek helarazi zizkien gainerako sindikatuei:
Gutxieneko eduki batzuk adostea. Eduki horiek sindikatu guztiek beteko dituzte, Bizkaiko metaleko langileek jakin dezaten zergatik eta zein edukien alde jarraitu behar duten borrokan.
KPIaren igoerek langile guztientzako izan behar dutela erabakitzea, eta ez soilik sektoreko gutxieneko soldata kobratzen dutenentzat. Lanaldi murrizketaren eta subrogazio eskubidea zabaltzearen aldeko apustua egitea, eta adostutakoa beteko dela bermatzea, patronalari Rajoyren gobernuak ezarritako eta indarrean jarraitzen duten erreformez aprobetxatzea galaraziko dioten klausulak gehituz.
Tamalez, gainerako sindikatuek uko egin zioten hitzarmen berri baterako adostu beharreko edukiei buruzko konpromisoak hartzeari.
ELAren harridurarako, bestalde, urriaren 4an sare sozialen bidez jakin zuen CCOOk, LABek eta UGTk urriaren 27an eta 28an eta azaroaren 2an hiru greba egun deitzeko deialdia egin dutela. Iragarpen horren aurrean, ELAk honako hau gogorarazi nahi du:
Ekainean eta uztailean egindako hiru greba egunek ez zuten FVEMen jarrera aldatu, hori dela eta, sindikatuak uste du grebak indartu behar direla.
ELAk gutxieneko eduki batzuekiko konpromisoa agertu du akordio bat lortzeko. Bizkaiko metalgintzako langileek merezi dute argi eta garbi ezagutzea zeintzuk diren borrokaren helburuak eta edukiak.
ELAk ez dio uko egingo Bizkaiko metaleko langileok sortzen duten aberastasunaren banaketari erantzungo dion negoziazioa bultzatzeko aukerari. Hori dela eta, moduak modu urriaren 27, 28 eta azaroaren 2ko deialdiekin bat egiten du, konpromisoak hartu eta bete nahi dituztenekin lan egiteko borondatea berretsiz. Horregatik, nahiz eta ados ez egon formetan, ELAk urriaren 27 eta 28rako eta azaroaren 2rako greba deialdia egingo du, nahiz eta egun horiek labur geratzen diren. 3 egun horietan hitzarmenik adostu ezean, greba mugagabea deitzeko prest dagoela ere iragarri du. ELAk konpromisoak hartu eta bete nahi dituztenekin lan egiteko borondatea berretsi du.