Bizkaiko metaleko grebak jarraipen zabala izan du

2022/10/27
Gaur, urriak 27, Bizkaiko metalean deitutako hiru grebetako lehen eguna izan da. Lehen ordutik egiaztatu ahal izan da grebaren jarraipena oso handia zela enpresetan. Goizak aurrera egin ahala, grebarako babesa orokorra izan dela egiaztatu da. ELAk manifestazio handia egin du Erandioko kaleetan zehar, eta aberastasuna modu justuan banatuko duen hitzarmen duina eskatu du. Hurrengo greba egunak urriaren 28an eta azaroaren 2an izango dira.

 

Greba patronalaren jarreraren ondorio izan da; izan ere, FVEMek negoziazioa blokeatzen jarraitzen du, sektoreko langileak pobretzen dituen edukiak soilik eskainiz. Enpresek lan karga eta mozkin handiekin jarraitzen duten bitartean, KPIak gainezka jarraitzen du; patronalak, aldiz, uko egiten dio erosahalmena ziurtatzeari eta langileak pobretu egiten ditu, salatu dutenez. ELAk indarraldiko urte bakoitzean KPIa bermatzea eskatu du, baita beste aldarrikapen batzuk ere, hala nola subrogazioa zabaltzea; prekarietatearen eta behin-behinekotasunaren aurkako neurriak; lanaldia murriztea; emakumeek sektorean jasaten duten diskriminazioaren aurkako neurriak... Eduki horiek guztiak sindikatuen eta patronalaren arteko azken bileran eskatu zituzten, eta gaur berriro entzun dira Erandioko kaleetan egindako manifestazioan.

Grebaren hurrengo egunei dagokienez, bihar, urriak 28, manifestazioa egingo da Basaurin, 11: 30ean. Azaroaren 2an, hitzordua Bilbon izango da, ordu berean.