Bizkaiko metaleko hitzarmena: 17 hilabete ezertarako

2005/05/23

Dagoeneko 17 hilabete daramatzagu Bizkaiko Metaleko Hitzarmen probintziala negoziatzen. 2003ko abendutik hona Bizkaiko Metaleko Enpresen Federazioak (FVEM) jarrera erabat itxia dauka. Ia hasierako proposamen berdina mantentzen du gaur egun. KPI inguruko soldata igoerak inposatu nahi ditu; lan jarduna ez murrizteaz gain flexibilitatea nahi du bere erara antolatzeko, lan egutegiak eta opor garaiak beraien kabuz aldatuz. 2004rako, enpresa guztietan aplikatu ez den, %3ko gomendioa egin zuen, urte hortako negoziazioa horrela amaitutzat emanez.

Bitartean enpresetako arazoak gora doaz. Egunetik egunera kontratu ebentual gehiago daude, gehienak lege iruzurrean; diskriminazioak gora egin dute, batez ere gazteekiko; ETTak eta azpikontratak gero eta gehiago erabiltzen dira, ezegonkortasuna eta diskriminazio mailak areagotuz; lan osasuna Mutuen bidez negozio bezala ikusten da, hauek egunetik egunera gehiago presionatzen dute bajarik ez hartzeko.

Patronalaren jarrera sendo honek irtenbide bakarra dauka, erantzun sindikal gogorra; mobilizazio eta greba luze baten bidez. Sindikatu batzuek esaten dutenean ezinbestekoa dela Hitzarmen probintzial bat izatea, nahiz eta txarra izan, posturak hurbildu behar direla, ezin dela eskatu eman nahi ez digutena, onartzen ari dira Hitzarmenaren baldintzak eta edukiak patronalak finkatzen dituela eta sindikatuen papera inposaketa honi, zilegitasuna ematea besterik ez dela. Ezin dugu ahaztu CCOO eta UGTk dagoeneko Madrilen sinatu dutela, estatu osoarentzat, soldata igoerak %2ra mugatuz produktibitateaz hitz egiteko, hau da Bizkaiko patronalak planteatzen digun berdina, hauek CEOEko kide dira.

Gaur egungo negoziazio ereduan gustora daude enpresarioak eta horrela jarraituz gero, eskatzen duguna ez ematekik daukaguna kentzera pasako dira. Dagoeneko honetan daude. Lan jarduna igo, lortutako hobekuntzak zapuztu...

ELAn garbi dugu, beste eduki batzuk dituen Hitzarmen Probintziala egotea ona dela langileentzat. Ez da Negoziazio esparruaren kontua eduki kontua baizik.

Guzti honegatik ELAn uste dugu badela ordua, patronalari aurre egiteko, enpresa txiki, ertain eta haundietan negoziazioa irekiz, indarra daukagun esparru bakoitzean. Ahal dugun gatazka guztia bultzatu eta ireki behar dugu, soldata, lan jardun, enplegua etab inguruan erreferentzia berriak markatuz. Bide honetatik abiatuz, patronalak eta enpresaburu ezberdinek sektorearekiko jarrera aldatu beharko dute. Sindikatu guztiok bat egingo bagenu honetan, negoziazioa beste irizpide batzuetan oinarrituko litzateke.

Baina, CCOO, UGT eta LABek osaturiko gehiengoak dagoeneko maiatzaren 27rako egun bateko greba deialdia egin du. ELAtik sindikatu ezberdinen artean adosturiko minimo batzuetan oinarrituriko greba gogorrago bat proposatu genuen, baina gainontzekoek minimoen kontu hau ez zuten onartu. Igaz egun bateko greba egin genuen eta patronalak ez zuen bere posizioa aldatu. Agian batzuek egun bateko deialdia aurpegia garbitzeko edo sinatzea justifikatuko duen patronalaren mugimendu txiki baten bila dabiltza.

ELAk, nahiz eta gure iritziarekin bat ez egin, CCOO, UGT eta LABek osatzen duten gehiengoa errespetatzen du eta beraz, geure militanteei dei egiten diegu; negoziazioa itxi gabe duten enpresetan, greba honekin bat egin dezaten, beraien prozesuari bultzada berri bat emateko eta enpresa akordiorik ez dutenak ere greba egitera deitzen ditugu, bide batez enpresako negoziazioa irekitzeko baliatuz.