Bizkaiko Metaleko langileek protesta egin dute hitzarmenaren alde BECen, Makina-Erremintaren Biurtekoarekin harira

2022/06/13
BECen Makina Erremintaren Biurtekoaren inaugurazioa dela eta, Bizkaiko Metaleko langileek manifestazioa egin dute Barakaldotik BECen ELA, CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT, CNT, USO sindikatuek deituta, eta ondoren elkarretaratzea egin dute sektorearen pobretzea, lan ezegonkortasuna eta kolektibo askoren arteko subrogazio eskubidearen berme eza salatzeko, besteak beste. Sindikatuetako ordezkariek azaldu dutenez, hitzarmen sektorialaren sinadura entzun eta aldarrikatu nahi izan dute, politikari, gobernu eta enpresa arloko gonbidatu ezagunak dituen itxuraz izen handiko ekitaldi baten aurrean.

Gaurko mobilizazioa ekainaren 23 eta 30erako eta uztailaren 1erako deitutako greba egunen sozializazio dinamikaren barruan kokatzen da. Sozializazio hori, bestalde, erritmo onean doa aurrera; izan ere, bi aste eskasetan 450 atxikimendu baino gehiago lortu dira, besteak beste, Arcelor Etxebarri-Sestao, ITP Aero, Arteche, Ingeteam, Elecnor, Haizea Wind, Productos Tubulares, Tecuni, Nervacero, CIE Taldeko enpresak edo Petronorreko kontratak.

Bestalde, ELA, CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT, CNT eta USOk negoziatzeko borondatea dutela azpimarratu dute berriro, eta FVEMi dei egin diote negoziazio mahaian biltzeko ekainaren 15ean, LHKren egoitzan. Joan den maiatzaren 26an, hitzarmena negoziatzeko azken bilera egin zen patronalarekin. Bertan, sindikatuek batera planteatutako 17 puntuetako bakoitzari ezetz erantzun zioten, negoziatzeko eta akordioak lortzeko asmorik ez zutela agerian utziz.

Azken bilera horretan, sindikatuek patronalari dei egin zioten negoziazioari aukera emango zion proposamen bat aurkez zezan. Gaur egun, ordea, patronalak ez du sektoreko langileen ordezkariekin bildu nahi izan, eta, gainera, ez duela inolako asmorik jakinarazi die bere bazkideei. Negoziazioaren aurkako jarrera arduragabe horrek bultzatzen ditu gatazkara Bizkaiko metalgintzako 50.000 langile baino gehiago.