Bizkaiko Metalean mobilizatzen jarraitzearen alde egiten du ELAk

2023/01/10
Euskal Sindikatuak %40ko ordezkaritza du Bizkaiko Metalean baina, hala ere, komunikabideen bidez jaso du CCOO, LAB eta UGTk Eusko Jaurlaritzari egindako bitartekaritza eskaeraren berri. Lan Sailari, aipatu hiru sindikatuei eta patronalari gardentasuna eskatu die.

Negoziazioak Mahai Ofizialean egin behar direla esan du ELAk, Bilboko Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan, eta lan baldintzak zehaztuko diren bilera guztietan parte hartzeko asmoa duela gehitu du. Horregatik, Lan Sailean zabal daitekeen balizko prozedurara deitua izan dadila eskatu du sindikatuak.

Azken greba egunetik hilabete baino gehiago igaro da eta, abenduan, FVEMek Bizkaiko Metalaren aberastasuna era justuan banatzeko asmorik ez duela argi utzi zuen. Horregatik, ELAren iritziz, greba egun gehiago antolatzeko garaia da.

Urtarrilaren 12an elkarretaratzea egingo du Bilbon ELAk, FVEMen egoitzaren aurrean, 11:00etatik aurrera. Aberastasuna banatuko duen eta hobekuntza nabarmenak izango dituen Hitzarmena exijituko dio patronalari bertan.