Bizkaiko Metaleko patronalaren blokeoaren aurrean, greba mugagabea planteatu die ELAk beste sindikatuei

ELAk uste du KPIaren igoerak bermatu behar direla indarrean dagoen urte bakoitzean sektore osorako. Gainera, edukietan funtsezko beste hobekuntza batzuk behar dira, hala nola lanaldi murrizketa, subrogazioa sektore gehiagotara zabaltzea, ETTen kontrola, benetako berdintasun planak eta hitzarmena aplikatzeko bermeak.
CCOOk, LABek eta UGTk proposamen berri bat egin dute gaur, eta ez dute aurreikusten indarraldiko urte bakoitzean KPIaren igoerak bermatzea, ez baitute iraganeko KPIaren erreferentzia hartzen. Beste mugimendu batzuk ere egin dituzte. Hala eta guztz ere, FVEM azaroaren 25eko eduki berdinetan mantentzen da. Ez da negoziazio mahaiaren beste bilera datarik ezarri.
ELAren ustez, sektoreak gai izan behar du FVEMen blokeo jarrerei erantzun sendoa emateko ahalik arinen. Horregatk, ELAk lehenbailehen greba mugagabea deitzeko beharra adierazi die gaur bertan CCOO, LAB eta UGTri. ELAren ustez, 11 greba egunen ondoren, azken 5ak jarraian, hurrengo urratsa greba mugagabea da, Bizkaiko metalak merezi dituen edukiak lortu arte.