Bizkaiko Metaleko sindikatuek konfrontaziora joko dutela ohartarazten dute patronalak mamizko edukirik ez badu jartzen hitzarmenaren negoziazioan

Maiatzaren 16an Bizkaiko metaleko hitzarmenaren negoziazio mahaia osatzen duten ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek plataforma bateratua erregistratu zuten negoziazio mahaian ordezkaritzarik ez duten sektoreko gainerako sindikatuekin batera (ESK, USO eta CGT, besteak beste). Plataforma honetako eskaera nagusienak KPIaren gaineko soldata igoerak, jarduera guztietan subrogazioa, ABLEei mugak jartzea edo lan osasunean neurriak hartzea dira, beste batzuen artean, eta negoziazioan patronala ezartzen ari den blokeoa gainditzea du helburu.
Bihar hitzarmena negoziatzeko zortzigarren bilera egingo da, eta sindikatu guztiek argi dute patronalak negoziazioa desblokeatzeko mamizko edukia jartzen ez badu mobilizazioak hasiko direla enpresa eta kalean, 2019ko hitzarmena aurrera ateratzeko egin zen moduan. Zentzu honetan, sindikatuek FVEMeko Batzorde Exekutiboko honako bazkideak interpelatu nahi dituzte zuzenean: Tecuni, Arteche, ITP, Sidenor, Eldu, Ormazabal, Murueta ontziolak eta besteak beste.
Honekin batera, mozioak aurkezten hasi dira ordezkariak sektoreko enpresetan, enpresa batzordeek eta delegatuek sina ditzaten, Bizkaiko metalaren hitzarmenaren borrokari atxikiz eta enpresetako zuzendaritzei exijituz FVEMi benetako negoziazioa eska diezaioten eta negoziazio mahaia blokeatzeari utz diezaion.
Azkenik, gogorarazi behar da metaleko langile batzuek jazarpen judiziala jasaten ari direla 2019an egindako azken grebengatik. Ekainaren 7an, Aitor eta Arkaitz, Bizkaiko metalgintzako bi langile, epaituko dituzte Auzitegi Probintzialean 23 hilabeteko espetxe zigorra eskaerarekin. Hori dela eta, metaleko sindikatu guztiek, lan gatazketan auzipetutakoen plataformarekin batera, Auzitegi Probintzialaren aurrean kontzentratuko dira langileei elkartasuna adierazteko eta lan sindikalaren kriminalizazioa salatzeko.