Bizkaiko zahar egoitzetako langileen borrokaren berri emateko karpa jarri dute Foru Aldundiaren aurrean
2023/02/07

Zaintza sistemaren gabeziak eta sektorearen aldarrikapenak ezagutzera emateko informazio ekimena egin dute grebalariek gaur. Grebaren zazpigarren egunean, informazio orriak banatu dituzte Bilboko Kale Nagusian eta informazio gunea ezarri dute Foru Jauregiaren aurrean.
Bizkaiko adinekoen egoitzetako langileek goiz osoa eman dute Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean, egoitzen gatazka gizarteratzeko. Horretarako, informazio karpa bat jarri dute Foru Jauregiaren aurrean, eta informazio testuak banatu dituzte, honako aldarrikapenekin: zaintza eredua eta lan baldintzak aldatzea, hau da, lehen egunetik langileak ez ordezkatzea; enplegua finkatzea; lanaldi partzialak murriztea; erosahalmena berreskuratzea; eta egoiliarren arreta duintzeko ratioak hobetzea.
Gaur, asteartean, gauera arte egongo da zabalik karpa. Eta bihar, asteazkenean, eguneko lehen orduan, langileak leku berera itzuliko dira, urtarrilean deitutako zortzi greba egunei amaiera emateko.