Bizkaiko zahar-etxeetako greba arrakastatsua

2013/12/10
Bizkaiko zahar-etxeetako greba arrakastatsua
ELAk erabateko arrakastatzat jotzen du Bizkaiko egoitzetako grebaren jarraipenak. Greba-deialdia abenduaren 10. 11, eta 12rako izan da. Gaur, lehenengo greba-eguna izango da. Eguerdian manifestazioa abiatu da Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren aurretik.

 

Deialdiko lehenengo egunean egoitzetako 4.000tik gora langilek bat egin dute grebarekin, lanuzteekin eta mobilizazioekin; nahiz eta patronalek lantokietan presio handia egin, hitzarmena bete gabe uzteko abisu-gutunak langileei ugari-ugari bidali, eta ezarritako gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak izan. Gutxieneko zerbitzu horiek eragotzi dute greba-eskubidea erabiltzea hainbat txandatan eta hainbat egoitzatan. Horregatik, eraginik handiena tamaina handiko 40 egoitzatan eta eguneko zentrotan nabaritu da.

Halaber, eskatzen diegu sektoreko patronalei lan-erreformaz baliatzeko pentsamoldeak aldatzeko, langileen lan-baldintzak duinago bihurtzeko, eta Bizkaiko Egoitzetako Hitzarmen Kolektiboa lortzea errazten duten aukerak bilatzeko. Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzen diogu gatazka ito-puntutik ateratzen parte hartzeko, azken batean bera baita egoitza askotan plazen %100 finantzatzen duena. Izan ere, horrelako zentroei bideratzen zaizkien aurrekontu-sailak zenbatekoak diren ikusita, beharrezkoa bezain nahitaezkoa da foru aldundiaren esku hartzea.