Biztanleria okupatua 2007koa baino 126.000 murritzagoa da

2017/02/14
Biztanleria okupatua 2007koa baino 126.000 murritzagoa da
Zehazki, eta 2016an zehar 20.000 lanpostu baino gehiago sortu diren arren, biztanleria okupatua 2007koa baino 126.000 murritzagoa da. Bestalde, langabezia egoeran dagoen pertsona kopurua urte hartan zegoena baino 80.000 handiagoa da.

2016an gertatutakoaren ondorio nagusia honako hau da: beste urte batez errentaren banaketa aurreko urteetakoa baino are ezberdinagoa da. Enplegua sortu eta langabezia murriztu da; baina, sortutako aberastasuna (BPG) subprime krisia hasi zen urtekoa (2008koa) baino %3,9 altuagoa izan bada ere, langabezia maila orduan zegoena baino askoz ere handiagoa da eta ez da enplegu nahikorik sortu. Izatez, enpleguaren kalitatea guztiz prekarioa da eta era bortitzean diskriminatzen dira emakumeak, gazteak eta 55 urtetik gorakoak.

Zehazki, eta 2016an zehar 20.000 lanpostu baino gehiago sortu diren arren, biztanleria okupatua 2007koa baino 126.000 murritzagoa da. Bestalde, langabezia egoeran dagoen pertsona kopurua urte hartan zegoena baino 80.000 handiagoa da.

Izatez, sortzen den enplegua guztiz aldi-baterakoa da (egiten diren kontratuen %93,4 mota honetakoa da) eta hein handi batean lanaldi murritzekoa (kontratuen herena baino gehiago horrelakoa da). Are gehiago, kontratuen luzaera oso kezkagarria da: 2016an egin ziren kontratu guztien erdiak hilabete baino laburragoa den iraupena izan zuen.

Horrela, ez da harritzekoa biztanleria okupatuaren %17 baino gehiago lanaldi murritzean aritzea eta soldatapeko langileen laurdena tenporala izatea. Edo langabezia %11,7 izatea eta langabezia egoeran daudenen hamarretik seik urtebete baino gehiago behar izatea lan bat topatzeko. Alor hauetako gehienetan, emakumeek diskriminazio bortitza pairatzen dute gizonekiko alderatuz.

Gainera, langabeziagatiko prestazioetara bideraturiko gastuak murrizketak jasaten segitzen du: gero eta pisu txikiagoa du BPGan (aberastasunaren %1 besterik ez da, 2012 edo 2013an zenaren erdia), urterik urte eskaintzen duen estaldura baxuagoa da (langabeen %40 baino gutxiagok jasotzen du prestazioren bat) eta hartzaileko eta orotara bideratzen den baliabide kopurua murrizten da.

Honek guztiak Europar Batasuneko leku okerrenetan kokatzen gaitu aldi-baterakotasunari, langabeziari edota gazte langabeziari dagokienez, soilik bizpahiru estatu baino egoera hobeagoa dugularik, horien artean espainiarra dagoelarik.

Beraz, ulertezina da bizitzen ari garen une honetan biztanleria osoaren bizi-baldintzak hobetuko dituzten neurriak ez hartzea, pertsona guztiak barneratzen dituen berdintasunean eta gizarte justizian oinarrituriko gizarte eta ekonomia mailako alternatiba sortu beharra baitago.