ABERRI EGUNA 2023

Borroka sozialak errepublika sortzen du

2023/03/31
ELAk Altsasun egin duen Nazio Kontseiluak errepublika izateko bere borondatea berretsi du. 2023ko Aberri Eguna dela-eta adostutako dokumentuan sindikatuak azpimarratu nahi du konpromiso hori egunez egun langile-klasearen aldeko gure borrokan gauzatzen dela; lan honek beste borroka batzuekiko solidario egiten gaitu. Bestalde, ELAk parte hartuko du Itsasun (Lapurdi) apirilaren 8 eta 9an antolatuko diren ekitaldietan. Itsasuko Adierazpena plazaratu zenetik 60 urte beteko dira aurten; Iparraldean mugimendu abertzalearen sorrera izan zen.

2023ko Aberri Eguna dela-eta Nazio Batzordearen agiria

 

Aberri Eguna ‘23 · Borroka sozialak errepublika sortzen du

Aberri Egunez ELAko militanteok berretsi egin nahi dugu errepublika izateko borondatea. Badakigu estatu bat izateak ez duela derrigor eta berehala justizia sozialik bermatzen, ez eta jendearen askatasuna ere. Baina estatu horien parte izateak ere ez digu aukera ematen. Horregatik, errepublika izateko gure nahia borroka sozialetan islatzen da, nazio-, hizkuntz-, klase- zein genero-zapalkuntza ororen aurkako lanean.

Konpromiso hori egunez egun langile-klasearen aldeko gure borrokan gauzatzen da; lan honek beste borroka batzuekiko solidario egiten gaitu. Hain zuzen, adorea ematen digute etengabe kalean ikusten ditugun manifestazioek, zeintzuk milaka lagun biltzen dituzten hainbat eskariren inguruan: negoziazio kolektiboa eta honi lotutako grebak, euskararen defentsa eta sustapena, sektore publikoaren defentsa, pentsioen aldeko mobilizazioa, etxegabetzeen kontrako eta etxebizitza izateko eskubidearen defentsa, AHTaren moduko makroproiektu inposatu, alferrikako eta kaltegarrien salaketa, migranteen aldeko mobilizazioa, feministen mobilizazioa edota nekazaritza iraunkorraren aldeko jarrera…

Halaber, aintzat hartzen dugu alternatiben eraikuntza; hauetako asko Euskal Herri burujabearen benetako oinarriak dira, esaterako energiaren arlokoak, ekonomia sozial eta solidarioko enpresak, nahiz tokiko dirua.

AUTOGOBERNU HIGATUA

Nazio garen aldetik gure erakundeak izateko eta sendotzeko eskubidea dugu. Haatik, Hegoaldean autogobernuko erakundeek aldian-aldian egiaztatzen dute estatua etengabe ari dela beren eskuduntza-esparrua higatzen. Higatze hori ez da arazo tekniko bat, politikoa baizik, izan ere, gure ahalmen juridiko eta politikoak ahultzen baititu espainiar Estatuko gobernuek kultur-, hizkuntz- zein politika-arloan inposatu nahi duten uniformatzeari aurre egiteko. Horregatik, deigarria da higadura hori zenbait alderdi abertzaleren babesarekin gertatzea, eta inolako eraginik ez izatea indar abertzale eta espainolisten arteko aliantzetan (Gasteizen, Iruñean zein Madrilen dela ere). Aitzitik, etengabeko higadura hori gertatuagatik ere tarteka indar abertzaleek esaten dute gure eskuduntza-markoa zabaltzeko aukera dagoela; areago, aitortza nazionalari dagokionez estatuan omen diren abagune egokiak aipatzen ari dira.

Gure iritziz komeniko litzateke autogobernuan eragindako atzerapausoak salatzea, euskal jendarteak ezagutu egin behar baitu egiten den eraso bakoitza. Gertatzen dena ez da ezkutatu behar. Ez eta deitoratu ere, duela gutxi EAJko arduradun batek egin zuen moduan, gure herria espainolizatzen ari dela esanez, aldi berean ez bada autokritikarik egiten egunerokoan auzi nazionalarekiko gure konpromisoaz eta aldarrikatzeko gaitasunaz.

Identifikatu behar ditugu elementu konkretuak, jendarteak sentitzen dituenak, horien inguruan borrokak, polarizazio prozesuak eta garaipenak egituratzeko; dinamika horiek estatuaren aurrean borondate nazionala adieraziko lukete. Esaterako, Estatuak mediku-postuei ezartzen dizkien mugak (MIR), estatuko aurrekontuen bidez Euskal Herriko funtzio publikoan diharduten langileen baldintzak inposatzea... halako erabakiak Sanchezen gobernuak hartzen ditu, eta alderdi abertzaleek itxuraz ez diete garrantzirik ematen. Gertatzen ari denak erantzuna eskatzen du, adibidez funtzio publikorako hizkuntz-eskakizunen inguruan espainiar sindikalismoak auzitegietan bultza dituen epaiek. Espainolizazioa, hau da, kultura politikoa, ez da zerutik erortzen: kultura politikoa sortzeko modu nagusia da ekintza politikoek ondorio politikoak izatea. Erasoak doakoak badira, ez dira amaituko. Abertzale eta sindikalista garen aldetik badakigu hori.

POLARIZAZIORIK GABE EZ DAGO PROZESU SOBERANISTARIK

Praktika uniformatzaileen eta zapalkuntzaren eguneroko eta aurreko kontzientziarik gabe ez dago polarizazio politikorik. Erakunde independentista garenez hori nabarmentzea eta horren kontrako erantzunak egituratzea dagokigu. Esaterako, horregatik interpelatu genituen duela urtebete euskal alderdiak, ez zezaten babestu lan erreforma bat edo aurrekontu batzuek zeintzuk galarazi egiten zuten gure herrian negoziazio kolektibo librea garatzeko aukera; horregatik ari gara eskatzen orain ez dezatela onetsi Europarekin negoziatutako pentsioen erreforma, soilik kapitalaren onerako iritsiko diren funtsen truke. Horregatik, halaber, EAErako planteatu den Hezkuntza Hitzarmenaren eta lege aurreproiektuaren aurkako posizioa agertu dugu, Espainiar hezkuntza sistema uniformatzailea inposatzen duten LOMLOE, LOE eta bestelako arauek ezarritako mugak ontzat ematen direlako. Euskal herritarrek eskubidea dute beren bizi- eta lan-baldintzak kolektiboki eta modu autonomoan erabakitzeko. Honek esan nahi du, beraz, autodeterminazioak egunerokoan behar ditugula, ez soilik burujabetzari buruzko aldarri generikoak.

APUSTUA OINARRIAN LEGITIMATU

Emantzipazio nazionaleko prozesu batek, aurrera aterako bada, gehiengo sozial zabalak behar ditu uneoro, areago abagune kritiko eta erabakigarrietan. Eta horiek biltzekotan gehiengo sozialaren aldeko politikak ezinbestekoak dira. Honek oraintxe esanahi oso zehatza du: Justizia arrazoiak eta gure proiektu nazionala medio, premiazkoa da pobretze orokorrera daraman bilakaera geldiaraztea; joera hori hainbat faktorek hauspotzen dute, hala nola enplegu prekarioak, prezioen gorakada orokorrak (familientzako arlo kritikoetan ere: jakiak, gasa, argindarra) edota hipoteken garestitzeak. Ez dauka ez hanka, ez bururik gure erakundeek harrotasunez esatea gutxi gastatzen dutela, noiz eta hainbeste beharrizan sozial estaldurarik gabe dagoenean eta osasun-zerbitzuak hondatzen ari direnean.

Areago, badirudi EAEko eta Nafarroako agintariak direla zerga-erreforma baten beharra ukatzen duten Europako arduradun bakarrak.

Orientazio neoliberal honek, finean, eragotzi egiten du herritarrek proiektu nazionalarekin bat egiteko aukera, eta galarazi egiten du burujabetza proposamena elkartasun eta aurrerabide balioekin identifikatzea. Osakidetzan gertatzen ari dena izan daiteke horren adibide argia. Gainera, jendartean aldarri nazionalak duen ahulezia are handiagoa da kultura politiko instituzionalagatik, honek entzungor egiten baitie gizarteko antolakundeen deiadar eta eskariei. Jendarte mobilizatuarekiko mesfidantza, gizartearen manifestazioei ordena publikoko arazo gisa ekitea edota protesten kriminalizazioa gure autogobernu-erakundeetan ohitura normalizatu bihurtu dira, batik bat EAEn.

Haatik, hori ez da jendartearekin harremanak izateko modua, ez eta ukatzen gaituzten estatuen aurrean kokatzeko modua ere. Madrilek ez du burujabetzaren zatirik txikiena ere lagako elite politiko batek modu erretorikoan autogobernua areagotzea galdegiten diolako. Soilik egingo du aurrean hori aldarrikatzen duen gizarte mobilizatu bat baldin badauka. Horregatik ez gatoz bat marko juridikoa berritzeko proposamenekin, esaten denean herritarren parte-hartze guztia mugatuko dela aurrez eliteek prestatu duten ituna berrestera. Horixe da, hain zuzen, Urkullu Lehendakariak proposatzen duena elkarrizketa, negoziazio, akordio eta berrespen prozesu bat aipatzen duenean (segida horri zorrotz jarraiki); edo jendarteak alderdi politikoetan duen eragina deitoratzean. Prozesu soberanista, kontrara, oinarrian legitimatu behar da, eta erakunde integratzaileak bultzatu behar ditu, baita desadostasun politikoa integratzeko ere, jendetzak egindako urrats batek askoz gehiago balio baitu elite batek egindako urrats anitzek baino.

ABERTZALEEN EZARPENA INDAR DAITEKE

Gure aburuz unibertso soberanistak aztertu behar du zer nolako lanketa ari den egiten gutxiengo den edo ezer ez den eremuetan. Lurralde guztian zehar egoteaz ari gara, eta iraganean nabarmendu ez den sektore, jarduera eta borroketan agertzeaz.

Makina bat ekinbide abertzale gauzatzen ari da soziologiaren ikuspuntutik iraganean abertzale edo euskaltzale izan ez diren eremuetan. Iparraldean adibide nabariak dira Eusko tokiko dirua edota Alda, klase herrikoien erakundea; honek, hain zuzen, maizterren parke sozialeko hauteskundeetan gehiengoa lortu du. Halaber, sindikalismo abertzaleak ezarpena lortu du lurralde batzuetan, zenbaiten ustez hauek abertzaleentzat zeharo itxiak ziren arren: Nafarroako Erriberan, esaterako, ELAk %22,5eko ordezkaritza lortu du.

Kasu hauek erakusten digute berez soberanismoak ez daukala mugarik, baldin eta herritarren helburu laboral, sozial, ekonomiko eta kulturalak identifikatu eta hauen alde engaiatuz gero. Eta, jakina, horretan beharrezko diren ahaleginak egiteko prest badago.

ABERRI EGUN BEREZIA

Itsasuko Adierazpena plazaratu zenetik 60 urte beteko dira aurten; Iparraldean mugimendu abertzalearen sorrera izan zen. Irailean 25 urte beteko dira Lizarra-Garaziko Adierazpena sinatu zela. Bi mugarri horiek nolabait ere bat egiten dute ELAren historian, izan ere, 1998an hasi zen aro politikoari esker gure sindikatuak Iparraldean erakunde eta militanteen unibertso bat ezagutu baitzuen; gerora hauekin borroka eta ikusmoldeak partekatu izan ditu. Beste erakunde batzuekin batera borroka eta alternatiben ekosistema bat indartu nahi dugu, Euskal Herri burujaberako oinarri sendoa izango dena. Horregatik, ELAren ordezkaritza batek parte hartuko du Itsasun apirilaren 8 eta 9an antolatuko diren ekitaldietan. ELAren Nazio Batzordeak bere militanteei dei egiten die parte har dezaten Aberri Eguna ospatzeko deialdi honetan, baita egiten diren beste deialdietan ere.