BIZKAIKO KIROLDEGIAK

Borrokaz borroka, hamaika garaipen

2024/10/24
Bizkaiko kiroldegi askotan lortutako garaipenek nabarmen hobetuko dituzte bertako langileen lan eta bizi baldintzak; Bermeo, Sopela, Derio, Leioa, Berriz, Abadiño edo Bilboko zentroko hitzarmenak horren adibide dira

Azken urteetan ELAk Urtekaria izeneko publikazioa argitaratu du. Aldizkarian aurreko urtean lortutako garaipen sindikalen zerrenda jasotzen da. Ondo-bidean 2025 hasieran ere Urtekaria afiliatuen etxeetara helduko da, eta bertan Bizkaiko kiroldegi asko agertuko dira. Garaipen sindikal horiek 2024ko ekaina eta uztaila bitartean lortu ziren, baina azken urteetan egindako lan bikainaren ondorio izan dira. Hala dio Itziar Larrazabalek, Zerbitzuak federazioak Bizkaian duen arduradunak.

“2022an hasi ginen Bizkaiko Kiroldegi eta Kirol Instalazioen hitzarmen sektoriala berritzeko plataforma lantzen. Lan handia egin genuen. Langileen kezkak jasotzeko hainbat inkesta eta galdeketa egin genituen, jendearen lehentasunak plataforman behar bezala txertatzeko. Lanketaren ostean, argi genituen gure eskaera eta marra gorriak: lanaldia, klaseak prestatzeko plusak, igande eta jai egunetan lan egiteagatik plusak...”

“Prekaritate handia dago”

Guztira 2.000 lagun inguruk lan egiten dute Bizkaiko kiroldegi eta kirol instalazioetan. Larrazabalek nabarmentzen duenez, prekarite handia dago. “Sektorea adibide bikaina da prekaritatea zer den azaltzeko. Kontratu partzialak ohikoak dira. Eta, gero, kiroldegiz kiroldegi propio landu behar diren arazoak daude. Lan oso gogorra da, askotan klase ordu asko ematen dira jarraian, atsedenik gabe, eta, gainera, klaseak prestatzeko denbora lanalditik kanpo geratzen da. Hori kiroldegi askotan ikusten dugun errealitatea da, tokian toki konpondu beharreko arazo propioak”.

Langileei 2022ko abenduaren 31n amaitu zitzaien hitzarmena. Hitzarmen sektoriala 2023ko urtarrilean hasi ziren berritzen; patronalaren blokeoaren aurrean, abenduan lanuzte eta greba dinamika martxan jarri zen.“Hitzarmen sektoriala lortzeko mobilizazioak ordezkaritza dugun sindikatu guztiak elkarrekin hasi genituen. Beste sindikatuek bazekiten zeintzuk ziren gure marra gorriak; horretaz asko hitz egin genuen”.

Oztopoak oztopo, aurrera

Greba eta mobilizazio dinamika elkarrekin hasi zuten negoziazio mahaian ordezkaritza duten sindikatu guztiek. Hala ere, denborarekin batasun sindikala ahultzen joan zen. “UGT hasieratik geratu zen atzean. Gero, maiatza hurbildu ahala ikusi genuen CCOO ere atzean geratzen zela. Horren lekuko maiatzaren 26an gertatu zena; ez ziren batu egun horretan deitutako greba deialdira. Eta LAB ere zalantzekin ikusi genuen: ‘bai baina bueno, bai baina igual orain ez da momentua, bai baina orduan...’ Egoera ikusirik ELAtik esan genuen: ‘Gu aurrera goaz’. Maiatzaren 26ko greba sektoriala mantendu genuen, baina aldi berean zentroko hitzarmena eskatuta geneukan tokietan euren hitzarmen propioak negoziatzeko greba deialdiak deitu genituen”.

“Zentroko grebak ere deitu genituenean LAB gure kontra asaldatu zen. Hitzarmen sektorialaren kontra geundela esaten hasi ziren. Esan ziguten esparruen irekiera onartzen zutela, baina beste erremediorik ez zutelako. Guk gai hori oso landuta geneukan, beste sindikatuek ez. Jakin bazekiten benetan presioa egiteko ezinbestekoa zela esparruak zabaltzea. Esaten ziguten onartzen zutela sektoreko greba zegoenean enpresakoa egotea, baina greba sektoriala ez zegoen egunetan ezin genuela deitu enpresako edo zentroko grebarik. Noski, ezin genuen planteamendu hori onartu”.

“Ados geunden, noski, sektoreko greba deitzearekin, ezin genuen hitzarmen sektoriala hustu. Baina gero greba egun gehiago deitu nahi bagenituen, argi genuen hala egingo genuela, hori baitzen zentroetako zenbait baldintza propioak hobetzeko bide bakarra. Maiatza bukaeran hori gertatu zen. Sektoreko grebak egin genituen, eta, aparte, enpresako grebak hainbat lekutan”.

Ekaina, hilabete oso garrantzitsua

Itziar Larrazabalek azpimarratzen duenez, ELAk argi zuen ekaina hilabete oso garrantzitsua zela, estrategikoa. Uda heltzearekin bat herri gehienetan kanpoko igerilekuak zabaltzen dira, eta horiek itxita egoteak zalaparta handia eragingo luke. Hala ere, ekainaren 6an LAB, CCOO eta UGT sindikatuek akordioa lortu zuten Bizkaiko Kiroldegi eta Kirol instalazioen sektorean. ELAk –ordezkaritzaren %49– ez zuen akordioa sinatu.

Egoera honen aurrean, ELAk zentroko hitzarmenak lortzeko grebak deituta zituen herrietan mobilizazioak indartu zituen: Bermeo, Barakaldo, Sopela, Derio, Leioa, Berriz, Bilboko mantenua... Egindako lan bikainari esker, udara osoan zehar akordioak lortu dira kiroldegi guztietan, bi salbuespenekin: Barakaldoko eta Bilboko kiroldegiak. Horiek dira egun zabalik dauden gatazkak.

Itziar Larrazabalek irakurketa positiboa egiten du lortutako akordioen inguruan. “Zentroko greben jarraipena oso handia izan zen, erabatekoa. Zentro guztietan nabarmen hobetu ditugu langileen baldintzak. Lantoki batzuetan hutsi zeuden lanpostuen betetze irizpideak hobetu ditugu; beste batzuetan nominak hobeto ulertzeko neurriak adostu dira; beharra zegoen tokietan lan egiteko arropekin zeuden arazoak konpondu dira...”

“Lanaldiari dagokionez, adostu diren zentroko hitzarmen guztietan hobekuntzak handiak dira. Klaseak prestatzeko plusak hitzarmen guztietan hobetu dira, gure ustez oraindik ere plus hau gehiago igo beharko litzatekeen arren. Igande eta jaiegunetako plusak ere jaso dira. Eta, kasuren batzuetan, Bermeon, Sopelan eta Bilboko mantenuan, esaterako, soldatetan hobekuntzak ere lortu dira”.

Prozesuan zehar ikasitako guztiaren garrantzia azpimarratzen du Larrazabalek. “Garrantzia eman behar diegu edukiei, baina era berean garrantzia eman behar diogu akordio hauek lortzeko egindako barne lanketari eta lortutako barne kohesioari. Leioako kasua adibide ona da. Gatazka hasi zenean ez zegoen enpresa batzorderik. Leioan akordioa uztailaren 25ean lortu zen; bost egun geroago hauteskundeak egin ziren, eta langileen babes osoa jaso genuen. Bost delegatu aukeratzen ziren, eta bostak ELArenak dira. Kasu honetan bat egin zuten greba eta hauteskunde prozesuek. Langileek ez zuten inolako zalantzarik izan greban egonda ere hauteskundeak egin behar zirela, eta enpresa batzordea osatu behar zuten lagunak greba prozesua gidatzen ari zirenak izan behar zutela”.

Sopelan gertatutakoa ere horren adibide argia da. “Aurki hauteskundeak egingo dira bertan. Sopelako borroka aukera bikaina izan da jendeak ezagutzeko ELA zer den eta zein lan egiten duen. Hirutik delegatu bakarra genuen, baina hura zen gatazka sektorialean ere aurpegia ematen zuena. Beste ordezkariak edo ez zeuden edo egotekotan soilik greba sektorialetan zeuden, eta hala-moduz. Greba amaiera akordioko argazkia ikusi besterik ez dago, soilik ELA agertzen da. Jendeak gu ezagutzeko aukera izan du, eta pozik geratu da”.

Sindikalgintza eskola

Bizkaiko kiroldegi eta kirol instalazioetan izandako gatazka sindikalgintza eskola bat izan da. Hala uste du Itziar Larrazabalek. “Gure jendea pozik dago. Afiliatu den jendea ikusi besterik ez dago; gatazka hauen aurretik afiliatu asko genituen, noski, baina orain askoz jende gehiago batu da ELAren proiektura. Prozesu honetan muskulua egin dugu, antolakuntza egiteko aukera bikaina izan da”.

Egindako sozializazio lana ere handia izan da, eta oso garrantzitsua. “Grebek lagun askori eragiten zieten, eta horrelako gatazketan jendearekin egotea oso garrantzitsua da. Leioan egiten ziren kalejiretan herritar asko batzen ziren. Edo, Sopelan. Greban zeuden lagunak herrikoak ziren, jende oso ezaguna. Hainbat manifestazio antolatu ziren, eta herriko guraso pila batu ziren. Udal kirol instalazioetan lan egiten duten gehien gehienak herrikoak izaten dira, eta jendeak ulertzen du eskatzen dutena bidezkoa dela: zumba irakaslea agian zure bizilaguna da, gimnasia monitorea zure ezaguna, igeriketa irakaslea eskolako gurasoa... Horrek eragin du jende asko batu izana langileen mobilizazioetara”.