OSAKIDETZAKO HAUTESKUNDE SINDIKALAK
Denok egiten dugu Osakidetza

Hamar urte igaro dira Osakidetzan azken hauteskundeak egin zirenetik. Horregatik, azaroaren 28ko hitzordua oso garrantzitsua da: hamar urte luzeren ostean Osakidetzako 44.000 langileek euren ordezkari sindikalak hautatuko dituzte. Gauza asko gertatu dira azken hamarkadan Osakidetzaren baitan. Urte hauetan egindako lanarekin pozik dago Esther Saavedra, ELAk Osakidetzan duen arduraduna, baina bada bereziki aipatzen duen puntu bat: ELAk gai hau agenda publiko eta politikoaren erdian jartzea lortu du.
“Duela hamar urte osasun sistema publikoak bizi zuen egoera kezkagarria salatzen genuen. Arazoak ez ziren pandemiarekin hasi, inondik inora. Osakidetzaren gabezia estrukturalak askoz lehenago hasi ziren. Agian duela hamar urte klase politikoan edo kalean zegoen sentsazioa beste bat izan zitekeen. Baina langileak arazo larriak jasaten hasiak ziren, eta ondo zekiten barruan zer ari zen gertatzen. Uste dut ELAk egin duen ekarpen nagusia gaia agenda politikoaren erdigunean kokatzea izan dela. Urkulluk jendartea beldurtzea leporatzen zigun, kezka eta eztabaida artifizialak pizten genituela salatuz. Gaur egun inork ez du zalantzan jartzen Osakidetzaren egoeraren larritasuna. Horren lekuko da, gutxienez, Eusko Jaurlaritzak onartu izana da ‘arazoren bat dagoela’ edo guk parte hartu ez arren Osasun Ituna deitu izana”.
Testuinguru honetan Saavedrak berresten du Osakidetza defendatzeko modurik eraginkorrena eztabaida soziala bultzatzea eta gizartea antolatzea dela. Osasun Sailak osasun itunean parte hartzen duten eragileei aurkeztutako diagnostikoa horren adibide ona dela gaineratzen du.
“Osasun Sailak aurkeztutako azterketan ez da azaltzen zeintzuk diren Osakidetzaren narriaduraren arrazoiak. Ez bada aztertzen zergatik okertu den Osakidetzaren egoera, ezinezkoa izango da ondoren konponbideak topatzea. Bere garaian esan genuen bezala, antzezlan hutsa da Osasun Itunean parte hartzea, bertan ez delako planteatuko sakoneko aldaketarik. Erabaki ona izan da foro horretan parte ez hartzea; egindako diagnostikoaren arabera, balizko itunak ez du funtsezko aldaketarik ekarriko osasun zerbitzuan”.
Egoeran honen aurrean azaroaren 28ko hauteskundeetan ELAk emaitza onak lortzea ezinbestekoa dela uste du Saavedrak. Horregatik bozka guztiak garrantzitsuak direla azpimarratzen du. “Milaka lagunek lan egiten du Osakidetzan, eta ziur naiz denok ezagutzen dugula bertan lanean ari den norbait. Lagun horiengana jo behar dugu, azaldu zergatik den garrantzitsua ELA bozkatzea. Lan handia egiten ari gara, baina ELAko militante guztien laguntza behar dugu. Izan ere, gure hauteskunde leloak dioen bezala, denok egiten dugu Osakidetza”.