Bosgarren hildakoa lan istripuan hilabete honetan

2005/01/17
Gaur goizean langile bat hil da Basaurin
37 urteko behargin bat hil da gaur goizean Basauriko Guivisa fundizioan, pisu handiko molde batek azpian harrapatu duenean.

Heriotzaren aurkako protesta agertzeko lantegi horretako 85 beharginek 48 orduz lanari uztea erabaki dute; asteazkenean, hilak 19, elkarteratzea egingo dute eguerdiko 12etan enpresaren aurrean. Laneko istripu hilgarri hau medio, ELAk gogorarazi nahi du joan den urte amaieran EAEko patronala eta gobernua pozik agertu zirela laneko istripuak gutxitzeaz; honek, euren arabera, enpresetan prebentzioaren kultura hedatzen ari zela adierazten zuen. ELA bat zetorren istripuak gutxitu izana pozgarria zela esaterakoan, baina ukatu egiten zuen enpresen kultura benetan aldatu zenik; aldiz, sindikatuaren arabera, zoriaren esku zegoen istripuak gertatzea edo ez.

Ugazabek eta administrazioak egun duten iritzia jakin nahiko genuke: 2004ko abenduan 4 behargin hil ziren, eta aurtengo lehen 17 egunetan, berriz, dagoeneko 5.