Avanza Gipuzkoa

Bost eguneko greba hasiko dute bihartik aurrera

2025/02/26
Enpresa Batzordeak (6 ELA, 1 LAB eta 1 Aurrera) salatu du ez dagoela aurrerapausorik negoziazioetan, eta greba deitu du otsailaren 27tik martxoaren 3ra arte.

Avanza Gipuzkoa SAk eta Enpresa Batzordeak (ELA, LAB, Aurrera) atzo egin zuten azken bileraren ondoren, grebara deitu du berriro bihartik hasita martxoaren 3ra arte. Sindikatuek salatu dute bileran ez zela aurrerapausorik eman, eta enpresak uko egiten diola plantillaren aldarrikapen nagusietako bi kontuan hartzeari; aurrerapausorik ez lanaldi murrizketari buruz, ez eta lan denbora zenbatzeari buruz ere, zeregin batzuk zenbaketatik kanpo ez uzteko (hala nola hartzea eta uztea).

Aldez aurretik, Batzordea Azahara Dominguez Gipuzkoako Mugikortasun Sailburuarekin bildu zen, enpresarekin dituen negoziazioen egoeraren berri emateko eta lanaldi murrizketa lortzeko bere inplikatzeko eskatzeko. Aldundia ados agertu zen sindikatuek egindako eskaerarekin, eta adierazi zuen enpresarekin akordioa lortuz gero, Aldundiak konpromisoa hartuko zuela hurrengo lizitaziorako 1592 orduko lanaldi-murrizketa bermatzeko. Hala ere, enpresak adierazi du Aldundiak ez duela murrizketarik ezarri nahi, eta horregatik zuzendaritzak ez duela hobekuntzarik planteatzen eduki honen gainean.

ELAk, Batzordean gehiengoa izanik, Avanzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu die lehentasuna eman diezaiotela sektore honetan lanaldiak dakarren arazoa konpontzeari, eta lehenbailehen ekar dezatela proposamen bat negoziazioetara gatazka konpontzeko.

Hauek dira plantillaren aldarrikapenak:

  • KPIa gainditzen duten soldata-igoerak.
  • Urteko eta eguneroko lanaldi-murrizketa. Hau da, egunean egindako lan guztia eguneroko lan gisa zenbatzeko eskaera, lanaldiak zenbatu gabe utzi gabe.
  • Txanda-kontratua nahitaezkoa izatea, ez bakarrik hitzarmen honen indarraldian, baita modu mugagabean ere.
  • Behin-behineko lana erregularizatzea.
  • Autobus flota hobetzea.

Datozen 5 greba egunekin jada 18 izango dira greba egunak, eta, egoera konpontzen ez bada, mobilizazioak eta protestak areagotuko dira. Datozen egunetan, langileek kotxe karabana bat egingo dute otsailaren 28an Debako eskualdean. Era berean, martxoaren 3an, langileek elkarretaratzea egingo dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean.