laneko heriotza
Bost hildako lan istripuz hilabeteko epean Nafarroan

Lehen datuen arabera, gaur goizean Lamaison enpresako langile bat hil da Lizarrako (Nafarroa) Agralco S.Coop. enpresan izandako leherketa batean. Joan den asteartean, urriak 15, Netzero enpresako langile bat hil zen zutoin batetik erorita, Olletan (Leoz). Urriaren 7an, Elaborados Naturales de la Ribera enpresako langile bat hil zen Funesen makina batek harrapatuta. Irailaren 27an, garraiolari autonomo bat hil zen errepidean, Lodosan. Irailaren 16an, Imirizalcu eraikuntza-enpresako langile bat hil zen Irunberrin, aldamio batetik erorita. Odolhuste honen aurrean, ELAk babesa eta elkartasuna adierazi nahi die hildakoen lagunei.
Aurten 47 pertsona hil dira beren lanpostuetan Hego Euskal Herrian, horietatik 17 Nafarroan. Lurralde honek ditu ezbehar-tasarik txarrenak, eta heriotza horietako gehienak oinarrizko segurtasun-neurriekin ekidin zitezkeen. Horren atzean patronalaren zigorgabetasuna eta erakundeen konplizitatea daude. Enpresek 30 urte daramatzate laneko arriskuen prebentzioari buruzko araudia bete gabe, eta Nafarroako Gobernuak uko egiten dio ez-betetze horiek kontrolatzeko beharrezko bitartekoak ezartzeari, diru publikoa laneko segurtasun eta osasunean guztiz eraginkorra ez den elkarrizketa sozialera bideratzen duen bitartean. Onartezina da.
Egoeraren larritasuna dela eta, ELAk Nafarroako Aurrekontu Orokorrak negoziatzen ari diren alderdi politikoei eskatzen die uko egin diezaiotela Prebentziorako Lurralde Ordezkariaren figura finantzatzeari, eta zenbateko ekonomiko nahikoak eslei ditzatela Nafarroako lantokietako segurtasun-baldintzak kontrolatzeko premiazko neurriak ezartzeko, lan-ikuskaritzako plantilla hirukoiztea barne. Aldarrikapen horren alde, ELAk elkarretaratzea deitu du datorren astearterako, urriaren 22rako, 12:00etan, Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean.