LANGABEZIA DATUAK

Bost langabetik hiru emakumeak dira Nafarroan

2024/06/04
Maiatzean 29.779 pertsona izan ziren langabezian, aurreko hilabetean baino 462 pertsona gutxiago. Emakumeei dagokienez, datuak ere positiboak dira, langabezia 201 pertsonatan murriztu baitzen. Hala ere, emakume langabeen ehunekoak gora egin du, langabezi totalaren %61 emakumeak dira. Bestalde, gazteen langabeziak ez du hobera egin; gainera, gazte langabeen kopuruak 2019ko maila berean jarraitzen du.

Nafarroako langabezia-tasak Europako batez bestekoaren gainetik jarraitzen du; Nafarroan, tasa %9,2koa da, eta Europar Batasuneko batez bestekoa, berriz, %6koa.

Kontratazioari dagokionez, kontratuen behin-behinekotasun-tasak okerrera egin du apirileko kopuruekin alderatuta; aldi baterako kontratuen ehunekoak oso altua izaten jarraitzen du. Espainiako ministerioak emandako datuen arabera, sinatutako kontratuen %78,8 aldi baterakoak izan ziren. Aipatzekoa da Estatuan, Nafarroak izan zuela aldi baterako kontratuen tasarik altuena, alde handiarekin gainera; Estatuan, aldi baterako kontratuen tasa 20 puntu txikiagoa izan zen, zehazki, %57an.

Enpleguaren datuak txarrak ez badira ere, errealitatea da enpleguaren kalitatea ez dela ona, behin-behinekotasunaren gorakadak erakusten duen bezala. Gainera, Europako batez bestekotik urrun jarraitzen dugu. Hori guztia Hego Euskal Herrian milaka pertsona egoera prekarioan dauden testuinguru batean, asko soldata txikiekin, laneko segurtasun faltarekin eta beste hainbeste behin-behineko edota kontratu partzialekin. Horregatik, egoera horren aurrean, beharrezkoa da antolaketa eta mobilizazioa, langile klasearen baldintza materialak hobetzeko.