laneko heriotza
Buñuelen izandako laneko heriotza salatzen du ELAk

ELAk jakin ahal izan duenez, 34 urteko langile bat hil zen atzo gauean Buñuelgo (Nafarroa) Liverco enpresan makina batek harrapatuta. Horren aurrean, ELAk babes eta elkartasun mezu bat bidali nahi die biktimaren hurbilekoei, eta gertatutakoa nahiz egon daitezkeen erantzukizunak argitzeko beharrezko diren ikerketak egitea eskatzen du.
2025Ean honez gero 11 pertsona hil dira lan-istripuz Nafarroan. Astero pertsona bat hiltzen da bere lanpostuan edo lanera bidean, eta hiru biktimatik bat harrapaketen edo altuerako erorikoen ondorioz gertatzen da, enpresek segurtasun-neurriak hartu izan balituzte saihestu ahal izango zirenak.
Nafarroak estatuko lan-heriotz tasarik altuena du, eta hori enpresaburuen zigorgabetasunaren eta erakunde publikoen konplizitatearen ondorio da. Datu ofizialek berresten dute prebentzioa ez dela egiten edo paperean gelditzen dela, eta bien bitartean patronalak absentismoari buruzko diskurtso faltsua elikatzen jarraitzen du eta Nafarroako Gobernuak uko egiten dio ez-betetzeak kontrolatzeko neurriak ezartzeari.
Duela gutxi, Gobernu honek Enplegu Plan berri bat adostu du CEN patronalarekin eta UGT eta CCOO sindikatuekin, erakunde horien jarduera finantzatzeko miloika euro esleituz gaixotasun arrunten bajen kontrola mutuen esku uztearen truke, neurri horiek azken hamarkadako ezbehar-tasaren gorakadari aurre egiteko guztiz ez-eraginkorrak direla jakina den arren. Guztiz onartezina da.
Horren aurrean, ELAk elkarretaratzea egingo du martxoaren 20an, osteguna, 11:30ean, Tuterako Plaza Berrian (Nafarroa) Lan Ikuskaritzako plantilla 45 pertsonara arte indartzea eskatzeko, Europako batez besteko ratioarekin berdindu, eta Nafarroako enpresen eta lantokietako lan osasun eta segurtasun baldintzak behar bezala kontrolatzeko.