Caballitoko grebalariek enpresarekin adostutako aurreakordia onartu dute

2005/11/14

Gaur goizean Caballiton greban zeuden langileek batzarra egin dute Gasteizen. Batzarrean greban dauden 116 langileetatik 114-k hartu dute parte. Grebalariek urriaren amaieran enpresa komiteak multinazionalaren zuzendaritzarekin lortutako aurreakordioa onartu ala ez onartu bozkatu dute. Bozketa sekretua izan da, eta 82 langileek aurreakordioa onartzearen alde agertu dira. 28 langile, berriz, aurka agertu dira, eta lau langilek zuri bozkatu dute.

Bozketaren emaitzarekin, ia bi urte iraun dituen greba bati amaiera ematen zaio. Ostegunean akordioa sinatuko da, eta langileak euren lanpostuetara itzuliko dira. Enpresa komiteko presidente Joseba Leza era positiboan baloratu du gaurko bozketaren emaitza. Era berean, Caballitoko langile guztiei bat eginda jarraitzeko deia luzatu die, eta akordioa ea betearazten den zaintzeko arreta berezia eskatu die. Lortutako akordioaren arabera, enpresak ez du langilerik kalean utziko, eta guztiak itzuliko dira lanera.