Caballitoko langileen aurkako karga basatia dela eta ELAk Balzari Ertzaintzaren jokabidea zuzentzen duten irizpideez galdetu dio

2004/03/24

ELAk salatu egin du Ertzaintzak gaur goizean Gasteizen Caballitoko langileen aurka izan duen jokabide arrazoigabe, gehiegizko eta basatia. Piketeko kide eta greba-batzordeko buru denak gehiengoaren erabakiaren aurka lanera sartzear ziren eskirolekin besterik gabe hitz egin nahian autobusera sartu nahi zuenean izan da ertzainen karga hori. Honelako jokabideak ikusirik, kezkatzeko sarritasunez gertatzen direlarik, galdera hauek luzatzen dizkiogu Balza Herrizaingo sailburuari:

-Nola jokatzeko irizpideak jasotzen dituzte Ertzaintzako taldeek?
-Ertzainek zein prestakuntza jaso dute greba-batzordearen edota greban diren langileen eskubideei buruz?
-Ertzaintzako arduradunen jarraipena eta kontrola egiten al da bere ardurapeko taldeen jokabideari buruz, eta zer neurri hartzen da, hartzen badira, gertatutakoa argitu, ardurak zehaztu eta gehiegikeriak amai daitezen?
-Jokabideok Ertzaintzako buruen aginduen araberakoak dira edota ez dakigu okerragoa zer ote den- agindu ezaren ondorio dira?

ELA bat dator ertzain askoren kezkarekin; izan ere, zuzenean Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailaren ardurapean dagoen prozesuaren ondorioz, izatez hurreko polizia, demokratikoa, herritar guzti-guztien eskubide eta duintasunekiko errespetua izan eta babesa emateko sortu zen Ertzaintza ordena publikorako polizia bilakatzen ari da, hitzaren esanahirik baldar eta autoritarioenean.