BEASAIN ETA IRUNGO LAN ZENTROAK

CAFeko zuzendaritzak proposamenik egin ezean, mobilizazioak gogortzearen alde egingo du ELAk

2023/11/29
Lanuztea egin dute gaur Beasaingo eta Irungo langileek. Protesta Ordiziako azokara eraman dute.

Lau orduko lanuztea egin dute gaur, azaroaren 29an, CAFeko langileek. Orain arte deitutako azken lanuzte eguna izan dute. Izan ere, urriaren 26az geroztik, zazpi egunetan banatuta 26 lanuzte ordu egin dituzte. Hori dela eta, Ordiziako Azokan izan dira, euren aldarrikapenak gizarteratzen.

Mobilizazioak arrakastatsuak izanagatik ere, enpresak ez du aparteko urratsik egin. Negozioazioak ez aurrera, ez atzera jarraitzen du. Horregatik, sindikatuek epemuga bat eskaini diote zuzendaritzari: astebeten buruan ez badu proposamen berririk egin, mobilizazioak gogortzearen alde egingo dute sindikatuek. ELA, lanuzteez gain, prest dago bestelako mobilizazioen alde egiteko, baita greba mugagabearen alde ere, hala erabakitzen badute asanbladek.

Gogora dezagun CAFeko langileen batzordeak honakoa eskatzen duela: gutxieneko plantilla bermatzea, KPItik gorako soldata igoerak, lizentziadunen lanaldiari egokitzea (kolektibo horrek gainerakoek baino 38 ordu gehiago lan egiten du urtean) eta gauez lan egiten duten langileen lizentzietan hobekuntzak, besteak beste.