CC.OO eta UGT sindikatuek uko egin diote erreibindikazioari CEOE patronalarekin 2007. urterako hitzartu duten akordioan

2007/01/31
Seigarren urtez jarraian CC.OO eta UGT sindikatuek Estatu mailako akordioa lortu dute CEOE patronalarekin negoziazio kolektiboaren inguruan. Sindikatu hauek "soldaten-moderazioa" deitzen diote erosteko ahalmenaren galerari, enpresarien irabaziek marka guztiak hausten ari diren honetan.

Adostutako testuak "aurreko akordioek jasotzen dituzten irizpideei jarraipena emateaz" hitz egiten du, eta akordioaren sinatzaileek "errealitate ekonomikoaren ikuspegi bateratu bat igortzeko" interesa azpimarratzen dute. Printzipio horietan oinarrituz soilik ondorio bat atera liteke: UGT eta CC.OO-k uko egin diote erreibindikazioari. Hazkunde ekonomiko egoera batetan gaude, baina era berean prekarietatea lan merkatuaren alor gehienetara zabaltzen ari da. Abadagune honetan, akordioak ez du ezer esaten horren inguruan, eta prekarietateak kaltetutako talde horientzat soldatetan Espainiako Gobernuak aurreikusitako KPIaren inguruko igoerak (%2 inguru) proposatzea adarra jotzea da, ELAren ustez.

2007. urteko negoziazio kolektiborako ezarritako parametroen arabera, akordio hori erabat alferrikakoa da prekarietatearen arazoari irtenbide bat emateko; akordioak soilik balio du patronalak egun duen pribilegio posizioa sendotzeko.

ELAren ustez, horrelako akordioekin sindikatu hauek uko egiten diote negoziazio kolektiboaren bidez prekarietateak sortutako arazoei irtenbide eta konponbide bat bilatzeari. Aldarrikapenerako tartea lortutako akordioek jasotzen dutena baina askoz ere handiagoa da.

Datu ofizialek argi eta garbi uzten duten zer gertatzen ari den soldatekin eta enpresarien irabaziekin. Hala ere, agerikoa da horrelako akordioak sinatzen dituztenei ezer gutxi inporta zaizkiela horrelako datuak. Lotxagarria da onartzea prekarietatearen erruz soldatak inflazioaren azpitik igotzen ari direla, erosteko almena galduz, eta era berean uko egitea sindikalismoak egoera horri iraultzeko duen tresna nagusiari, negoziazio kolektiboari.

Era berean, ELArentzat ezin da oharkabean geratu Estatu mailako negoziazio esparruen alde egin den apustua. Izan ere, agerikoa da patronalak egun ahultasun sindikal nabarmeneko esparru horiek erabiltzen dituela gero eta okerragoak diren lan baldintzak ezartzeko, eta langileen beharrei gertuago dauden beste negoziazio esparru batzuk zabaltzeko.

Azken finean, akordioa eredu sindikal burokratiko baten emaitza da, jendearen parte hartzea mespretxatzen duena eta mobilizazioari uko egiten diona.

ELAk oso irakurketa negatiboa egiten du akordio honen inguruan, eta akordioak Hego Euskal Herrian eragina izateari aurre egingo dio. ELAren ustez, agerikoa da prekarietateari mugak jarri eta aberastasunen banaketa justuago baten alde borrokatzen dugunontzat horrelako akordioak ez direla inolako erreferenterik gure ereduan.