CCOO eta UGT-k euskal ostalaritzako langileen soldata %50 arte jaitsiarazi nahi dute

2017/10/04
Bi sindikatuek Euskal Autonomi Erkidegoko Ostalaritzako I. Akordio Markoa inpugnatu dute. Inpugnazioa irailaren 18an sinatu zuten. Bi egun lehenago Loli Garciak, Euskadiko CCOOko Idazkari Nagusiak, egunkari batean esan zuen “akordio hori ez da inpugnatuko” eta inpugnazioari buruzko salaketa “gezurra da”. ELA eta LABek aspaldi iragarria genuen, estatalizazioaren politikari jarraiki, CCOO eta UGT sindikatuek Ostalaritzako I. Akordio Markoa inpugnatzeko asmoa zutela. Akordio horren ondorioz, Ostalaritzako Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako langileei lehentasunez hemengo hitzarmen kolektiboak aplikatzea lortu genuen eta langileen lan-baldintzak babestu genituen Madriletik etor zitezkeen murrizketen aurrean.

CCOO eta UGT sindikatuek Euskal Autonomi Erkidegoko Ostalaritzako I. Akordio Markoa inpugnatu dute. Inpugnazio honek aurrera egitekotan ondorio lazgarriak izango lituzke ostalaritzako Euskal Autonomi Erkidegoko langileengan. Langile batzuen kasuan soldata %50 murrizteko arriskua dago, urtean 8.200 euro gutxiago, eta urtean 50 ordu gehiago lan egin beharra.

Akordio horren sinatzaile garen ELA eta LABek ordezkaritzaren %77,48a dugu. CCOO eta UGT sindikatuek euskal langileek eman ez dieten ordezkaritza lapurtu eta beste eremu bateko lan-baldintzak inposatu nahi dituzte.

Espainiako bi sindikatuen asmoa argia da, ordezkaritza sindikala monopolizatu nahi dute, bost axola die langile hauen lan-baldintzak. Era berean, sindikatu hauen apustua identitarioa da, estatu osoko langileen lan-baldintzak homogeneizatu nahi dituzte, okerrera homogeneizatu arren, marko estatala defendatzen dutelako. Lan-baldintzen okertzea enpresarien eskutik etorri beharrean sindikatu horien eskutik etortzea eskandaluzkoa da.

Eusko Jaurlaritza aliantza sindikala hauekin bilatzen du, CCOO eta UGTren asmo bera duelako, euskal langileek ematen ez duten ordezkaritza sindikala beste batengatik aldatzea. Aliantza honek markatzen du gobernuaren autogobernuari buruzko aldarrikapena, bake soziala oparitzen dieten sindikatuei ematen nahi diete ordezkaritza, euskal langileen erabaki esparrua ukatzen dutenak izan arren.

Ez dago autogobernurik negoziazio kolektiboan euskal langileek negoziatzeko eskubiderik ez badute. CCOO eta UGTren salaketa honek erakusten du Madriletik edozein eremutan euskal herritarren erabakitze eskubidearen aurka arituko direla eta, ondorioz, Lehendakariak, langileon defentsan aritu nahi badu, eraso honen aurka irmoki erantzun beharko luke.

ELA eta LABek epaitegietan Akordio Markoaren balioa defendatuko dugu, baina, horrez gain, euskal langileei mobilizazioaren bitartez bere lan-baldintzak defendatzeko deia egiten diegu. Ezin diegu gure lan-baldintzak lapurtzen utzi.