Bizkaiko Metala

CCOO, LAB eta UGT sindikatuek langileak pobretuko dituen hitzarmena sinatu dute

2023/03/24
Hurrengoak dira hitzarmen eskasaren puntu nagusiak: soldata igoera eznahikoak, lanaldi murrizketarik ez, subrogazioa sektore guztientzat ez, ABLEen (ETT) mugarik ez eta hitzarmena inaplikatzeko aukera nahitaezko arbitrajea ezarriz. Horren aurrean, ELAk enpresetan borrokatuko du aberastasuna banatu eta bizi kalitatea hobetzeko hitzarmenak lortzeko.

Eusko Jaurlaritzak planteatutako bitartekaritzaren baldintzak onartu eta ia bi hilabetera, patronalak, CCOOk, LABek eta UGTk Bizkaiko metalgintzako hitzarmena sinatu dute, honako eduki hauekin:

Soldata-igoera hitzarmeneko tauletarako:
2022: % 6,5
2023: % 4
2024: % 2
2025: % 2,5

Indarraldia amaitzean, 2022tik 2025era bitarteko urteetako KPIak adostutako igoerak baino handiagoak badira, taula horiek 2026ko KPIarekin eguneratuko dira, inolako atzerapenik gabe. Aipatutako KPI hori kalkulatzeko, sinatzaileek 2021. urtea ahaztu dute, % 6,5eko igoera izanda ere. Hitzarmenetik gorako soldatak (sektorean lan egiten dutenen zati handi bat) kategoria bakoitzeko taulen % 75 baino ez dira izango (ez soldata errealetan).

Gainerako edukiei dagokienez, ELAk nabarmendu nahi du ez dagoela lanaldi murrizketarik, subrogazioak alde batera uzten dituela azpisektore batzuk, ez dagoela mugarik ABLEen (ETT) inguruan, eta hitzarmena inaplikatu daitekeela nahitaezko arbitrajea ezarriz.

ELAk uste du hitzarmenaren edukia aztertzeko ezinbestekoa dela egungo testuinguru ekonomikoa. Enpresen lan kargak eta irabaziak handiak dira, eta patronalak berak aitortzen du enpresak KPIaren igoerak bideratzen ari direla produktuetara. Langile klaseak % 6ko KPIa du, elikagaiak % 15 eta hipotekengatik ordaindu beharrekoa gero eta gehiago.

Hamaika eguneko grebaren ondoren, sindikatu sinatzaileek langileak pobretzen dituen hitzarmen bat adostu dute. Soldatak nabarmen handiagoak dira Gipuzkoan, patronalak eduki horiek hobetzen dituzten eskaintzak egin ditu negoziazioaren hasieran. Bizkaian lan egiten dutenek negoziazio prozesu bat jasan dute, eta beste astebeteko greba egin, aurretik mahai gainean zeuden edukiak sinatzeko. Konpromisorik eta seriotasunik gabe, lehen baztertzen zena onartzen da.

ELAk antolaketarekin eta borrokarekin jarraituko du patronalaren neurrira sinatutako hitzarmena hobetzeko.