CCOOek eta UGTk bat egin dute Adegiren eta LABen arteko akordioarekin

2007/11/21
Azaroaren 21ean beste bilera bat egin du Gipuzkoako Metalaren Mahaiak, hitzarmen probintziala eztabaidatzeko. Bileran otsailaren 17an hasi zen itxurakeria amaitu da. CCOO, hasieratik espero zenez, atxiki egin da Adegiren eta LABen arteko akordioari; ordurako, UGT ere atxikita zegoen. ELAk uko egin dio akordioari, ez dakarrelako lanaldiaren murrizketarik, eta jasotzen duen soldata-igoera enpresetan sinatzen ari den mailatik puntu bat beherago geratu baita.

CC.OO. eta UGT bereganatu ondoren, ADEGIk lortu du, bederatzi hilabete igaro ondoren, enpresaburuek nahi zituzten negoziazio-edukiak hitzarmenean sartzea. Soldata-taulak KPI-aren mailan eguneratu dira, benetako soldatak enpresa-negoziazioetan sinatzen ari den mailatik puntu bat behera geratu dira, lanaldia ez da murriztu, eta sektoreko prekarietatea eta behin-behinekotasuna ez da mugatu.

ELA-Metal Federazioak uko egin dio hitzarmen horri. Eta, gainera, salatu egiten du LABen eta ADEGIren artean burutu den negoziazioaren estiloa eta edukia. Negoziazio horretara CCOO eta UGT gehitu dira apaingarri moduan, eta negoziazioa amaitutakoan ikuskizuna dohainik eman digute LABek eta CCOOek izan duten ika-mikarekin, negoziazioaren arrakasta zeinek berera eraman nahian.

Badirudi hitzarmenaren edukiak sektoreko langileentzat onak ala txarrak diren baino garrantzi handiagokoa dela norgehiagoka aritzea. Azken emaitza enpresaburuen interesen neurrira egindako hitzarmena izan da. Eta ekitaldi horren azken ukitua CCOOek sartutako “hiru pasarteen” ekarpena izan da, praktikan inolako aldaketarik, ezta hobekuntzarik ere, ekarri ez duena.

Ekintza sindikal horren aurrean, ELAk ordezkaritza duen enpresetan daraman dinamika oso bestelakoa da. Izan ere, soldata-igoerak hitzarmen probintzialaren mailatik gora, enplegu-hobekuntzak, lanaldia, baja-osagarriak eta abar luze bat negoziatzen ditugu.