Nafarroako garbikuntza sektorea

CCOOk eta LABek hitzarmena sinatu izana kritikatu du ELAk, eskasa delako eta inolako mobilizaziorik gabekoa

2024/07/04
Akordioak ez du aurreko hitzarmenean galdutako erosahalmenaren erdia ere berreskuratzen, eta hori izan da negoziazioaren aldarrikapen nagusietako bat. Aurreko hitzarmenetan ez bezala, oraingoan ez da mobilizaziorik izan, ezta batzar bateraturik ere.

Atzo, uztailak 3, CCOOk eta LABek 2024-2027 urteetarako garbikuntza sektoreko hitzarmenaren aurreakordioa sinatu zuten. ELAk uste du akordioa ez dela nahikoa, arrazoi hauengatik:

  • Akordioak ez du aurreko hitzarmenean galdutako erosahalmenaren erdia ere berreskuratzen (%9), eta hori izan da negoziazioaren aldarrikapen nagusietako bat. Gainera, 2024 eta 2025 urteetarako soldata igoera ez zaie kontzeptu guztiei aplikatuko. Horren harira, deigarria da sinatzaileak bilera bakarrean pasatu direla KPI + %10 eskatzetik %4arekin konformatzera. Halaber, aurreakordioa sinatzeak aurreko hitzarmenetako soldata galerak legitimatzea ere badakar.

  • Hitzarmenak ez du aplikazio bermerik, enpresek beren kabuz jaitsi ahal izango baitute.

  • Murrizketa 4 ordukoa baino ez da izango, nahiz eta sektorean kontratu gehienak lanaldi partzialekin izan. Akordioaren sinatzaileek uko egin diote sektorearen aldarrikapen historikoetako bati, astean 35 orduko lanaldia ezartzeko.

  • Hitzarmenak indarraldi luzeegia du, Patronalaren gustukoa.

ELAk aurreakordio horren sinadura kritikatu du, UGTk ere babestu ez duen edukia duen aurreakordioa. Oso esanguratsua da, kontuan izanda aurretik UGTk sektorean lan baldintzetan murrizketak barneratzen zituzten hitzarmenak sinatu dituelako.

Gogoratu behar da aurreko hitzarmenean CCOOk eta UGTk akordioa sinatu zutela lau sindikatuek deitutako greba egunaren bezperan. Horregatik, ELAk deitoratu egiten du LABen estrategia aldaketa, sektoreko gatazkakortasunaren aldeko apustua egitetik patronalaren gustuko hitzarmena sinatzera pasatu baita, inolako mobilizaziorik egon gabe.

Azkenik, ELAk sektoreko langileak antolatzera animatu nahi ditu, euren lantokietan CCOOk eta LABek sinatutako hitzarmen sektoriala hobetuko duten akordioak lor ditzaten.