CCOOk eta patronalak EAE mailako sukaldaritza kolektiborako negoziazio eremua irekitzea ukatzen dute

2019/01/31
Lan baldintzen prekarizazio prozesuaren adibide behinenetako bat da Sukaldaritza Kolektiboko (jantokiak) estatu mailako lan-hitzarmena. Hitzarmen horretan ezarritako soldatek apenas gainditzen duten, lanaldi osoa izanagatik ere, lanbidearteko gutxieneko soldata. FEADRS patronalean bildutako sektoreko enpresa handiek egundoko etekinak lortzen dituzte, eta dagoen hitzarmenik prekarioenetako bat bultzatzen dute, CCOO eta UGTren laguntzaz.

Testuinguru honetan, joan den azaroan ELAk estatuko lan hitzarmena salatu zuen, 2011an Zapateroren PSOEk egin zuen Lan Erreformak uzten dituen zirrikituak baliatuz, eta LABekin batera, EAE mailako eremua irekitzea galdegin zuen. Honek zeharo aztoratu zuen FEADRS patronala, zeinak apenas 6 egunetan CCOO eta UGTrekin batera hitzarmen berri bat sinatu zuen, horrela negoziazioan izan beharreko fede onaren oinarriak erabat baztertuz.

Bertoko negoziazio kolektiboa usurpatzeko saio hau gorabehera, prozesuak aurrera darrai. ELAk eta LABek eremu honetan %84ko ordezkaritza dugu. Gure planteamendu juridikoa bikaina izan da, baina gainera ikuspuntu demokratikotik auziak ez du zalantzarako tarterik uzten: EAEko sukaldaritza kolektiboko langileek ez dute miseria dakarten hitzarmen estatalak sinatzen dituen sindikaturik nahi.

Gaur negoziazio mahaia eratzeko deitutako bilera izan da. Bertan izan dira deitzaileak (ELA eta LAB), FEADRS eta Ostalaritzako Euskal Federazioa, baita CCOO eta UGT ere (hauek ordezkaritza sindikalaren %15 dute). Bi patronalek, arrazoi ezberdinak medio, negoziazio mahaia eratzeari uko egin diote. Jarrera erabat legez kanpokoa eta antidemokratikoa da. Ikusiko da akordioa iristen den ala ez, baina ezin dute negoziatzeko betebeharra saihestu hau eskatzen duen alde sindikalaren gehiengoa hain handia denean. Gaur FEADRSko kide diren hainbat enpresa estatuko hitzarmena aplikatzen ari dira. Gogora dezagun patronal honetxek inpugnatu zuela Lanbidearteko Akordioa, zeinaren helburua zen EAEko negoziazio kolektiboa babestea.

CCOOri buruz, berriz, izugarria da sindikatu batek sukaldaritza kolektiboko estatu hitzarmena eta antzekoak babestea. Negoziazio mahaia eratzeari uko egiteko jarrera ez da bat ere onargarria, EAEko hauteskunde sindikaletan ordezkaritzaren %10 ere lortu ez duenean. Honez gero ez diogu laguntzarik eskatzen langileen baldintzak hobetzeko lanerako; soilik eskatzen diogu ez dezala traba gehiago egin.

ELAk borrokan jarraituko du, kalean eta epaitegietan, lan-hitzarmenak hemen negozia daitezen, eta gehiengo sindikalen aldetik. Orain dela bi urte sinatu zen Lanbidearteko Akordioan hori lortu genuen. Hau ez da kapritxo hutsa, planteamendu demokratikoa baizik, langileen interesak hobeto defenditu ahal izateko. EAEko Sukaldaritza Kolektiboko lan-hitzarmena izateko bidean aurrera egingo dugu.