Bizkaiko eraikuntza

CCOOk eta patronalak langileak pobretzen dituen akordio eskasa sinatu dute

2023/11/02
CCOOk erosahalmenaren galera eta soldata tauelatan ezarritakoa baino handiagoa dutenentzat igoerarik jasotzen ez duen akordioa sinatu du patronalak gero eta etekin handiagoak dituen arren.

Gaur, azaroak 2, Bizkaiko eraikuntza sektoreko negoziazio mahaiaren bosgarren bilera burutu da.

Gogoratu behar da mahai horretan negoziatu beharreko puntu bakarra 2023 eta 2024 urteetako soldata igoera zela. Izan ere, 2020. urtean, CCOOk eta UGTk lau urteko indarraldia zuen hitzarmena sinatu zuten azken bi urteak, 2023 eta 2024k, itxi gabe utziz.

Gaur CCOOk eta patronalak akordio hau itxi dute:

  • 2023. urtean soldata igoera %4.

  • 2024. urtean soldata igoera KPI + %1,7. Igoera hau, gehienez ere, %6,2koa izanen da. Hau da, KPI gehienez %4,5ekoa izango dela adostu dutelako.

Igoera hauekin, Bizkaiko eraikuntza sektoreko langileek erosahalmena galtzen dute, ez baitira KPIren balioetara iristen. Aldi berean, sektoreko lan kargak oso handiak dira, enpresen etekinak bezala.

Gainera, soldata hitzarmeneko tauletan ezarritakoa baino handiagoa dutenei ez zaie inolako igoerarik bermatzen.

Horregatik guztiagatik, ELAk, beste behin ere, CCOOk eta Patronalak lortutako akordioaren balorazio negatiboa egiten du. Hau gutxi balitz, gabezia asko dituen hitzarmen batetik gatoz, hala nola lan baldintzen blindajea, azpikontraten erregulazioa, lanaldi murrizketa handiagoa eta abar. Egiturazko arazoak dituen sektorea da, langile eta azpikontratatutako langile askori ez zaielako sektoreko hitzarmena aplikatzen.

Egoera horretan, sektoreko langileek 3 eguneko greba egin zuten KPItik gorako soldata igoerak aldarrikatzeko. Sektoreko ELAko ordezkariak berriz ere sektorea aktibatzeko aukera bat galdu diote, lan baldintzetan funtsezko hobekuntzak lortzeko. Mobilizazioarekin eta borrokarekin bakarrik lortuko da lan baldintzak hobetzea.