CCOOk eta UGTk metalgintzako lan-baldintzak deslokalizatzeko beste urrats bat egin dute

2016/03/30
Negoziazio kolektiboaren estatalizazioa arbuiatu egiten du sindikatuak, eta berretsi egiten du gardentasuna eta parte hartzea ezaugarritzat dituen negoziazio-prozesuaren aldeko apustua, zeinetan langileak izango diren protagonista. ELAk ez du baztertuko bere aldarrikapena, negoziazio kolektiboak Euskal Herrian garapen betea izatea sektore nahiz enpresa mailan.

CCOOk, UGTk eta Confemetal patronalak Madrilen metalgintza sektoreko lehen hitzarmen estatala adostu dute. Sinatzaileek Zapateroren erreformak eskaintzen zituen aukerak baliatu dituzte, izan ere, negoziazio kolektiboa estatalizatuaz haren helburua lan-baldintzak okertzea baitzen. Honek ez du ezer onik ekarriko Euskal Herrian lan egiten dugunontzat.

ELAren iritziz akordioari buruzko aktan jasotako adierazpenak oso larriak dira: CCOOk dioenez, “are urrunago joan nahiko” zuketen, eta UGTko kideek, berriz, “unea baliatu nahi izango zuketen lurralde desberdinetako soldatak bateratzeko”, baina espero dute “hurrengo hitzarmenean gai honetan eta beste batzutan aurrera egitea” posible izango dela. Lan-baldintzak estatalizatzeko obsesioaren ondorioa bakarra da, hitzarmen hauen eraginpean daudenentzako miseria. Etorkizun horixe nahi dute Euskal Herriko metalgintzan.

Salatu beharra dago beti bezala negoziazio hau langileei bizkar emanda garatu dela. Lan-baldintzak ezkutuan negoziatzen dira; hau oso larria da.

Akordioaren edukiak:

- Gaiak Madrilera deslokalizatzen hasi dira. 5. artikuluak dioenez, “Hitzarmen probintzial bat denuntziatu eta berri bat adostu gabe urtebete igarotzen bada, hark indarra galduko du eta honako metalgintzako hitzarmen estatal hau aplikatuko da, bertan araututako gaiei dagokienez”. Beraz, egun Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hitzarmen probintzialen egoera dela eta hitzarmen estatala aplikatuko litzateke araututako gaietan.

- Hitzarmen estataleko batzorde parekideak bere esku hartzen du “edozein unetan esparru apalagoko hitzarmen baten negoziazioan bitartekari gisa jokatzeko, betiere alde batek eskatuta, negoziazioa amaitzeko hiru hilabete edo gutxiago geratzen denean”. ELAk deritzo artikulu honen xedea dela esparru bakoitzeko ordezkaritza sindikalari iskin egitea dela, bake soziala hedatu eta mobilizazioa eragozte aldera.

- Sinatzen duten organizazioek “Txartel Profesionalaren (TPSM) egungo araudia metalgintza sektore guztira hedatzea hitzartzen dute”. Akordioaren mamia da formazio-eredu bat blindatzea da, eta beronen xede bakarra, sinatzaileentzako finantzazioa bermatzea. Estatuan betidanik ezaguna zen ohiturari eusten diote: axola duena ez da kalitatezko formazioa eskaintzea, berarekin finantzatzea baizik.

ELAren balorazioa:

- Negoziazio kolektiboaren estatalizazioa arbuiatu egiten du sindikatuak, eta berretsi egiten du gardentasuna eta parte hartzea ezaugarritzat dituen negoziazio-prozesuaren aldeko apustua, zeinetan langileak izango diren protagonista. ELAk ez du baztertuko bere aldarrikapena, negoziazio kolektiboak Euskal Herrian garapen betea izatea sektore nahiz enpresa mailan.

- Exijitzen dugu Gasteizko eta Iruñeko gobernuek eta bi parlamentuek defendi dezatela geure lan-harremanetako markoa eta aurre egin diezaiotela CCOOk, UGTk eta patronalak ezarri nahi duten estatalizazioa. Euskal Herriko negoziazio-eremuak defenditzea autogobernuaren alde egitea ere bada.