CCOOk eta UGTk negoziazio kolektiboa estatalizatu nahi dute

2017/03/31
Estatuko patronalarekin batera, CCOOk eta UGTk EAEko ostalaritzako akordio markoaren aurkako bide legalari ekingo diote. Eskandaluzkoa da sindikatu berdinek hemen Sektorearteko Akordio bat sinatzea bertoko hitzarmenei estatuko akordioekiko lehentasuna emateko, eta gero, estatuko patronalarekin akordioetara heltzea EAEko ostalaritzan negoziazio kolektiboa galarazteko. Honek agerian uzten du nork defenditzen dituen euskal langileak eta nork ez.

Aspalditik ari gara esaten patronal eta sindikatu batzuk, CCOOk eta UGTk hain zuzen ere, erabaki bat hartu dutela: estatu mailako negoziazio kolektiboa lehenestea, Euskal Herrian egiten denaren kaltetan. Soldata miserableak ezarri nahi dituzte, zenbait kasutan gaur egundoak baino %50 txikiagoak. Trukean, hitzarmenak negoziatzerakoan eta ordezkaritza gauzatzerakoan monopolioa izango dute. Arrazoi horrek bultzatu gintuen Ostalaritzako Akordio Markoa egitera. Orain, CEHAT eta FEHR patronalek, UGT eta CCOOekin batera, Estatuko Ostalaritza sektoreko Lan-Akordioaren (ALEH) batzorde parekidean erabaki dute “indarrean dagoen ALEH-aren eragina eta balio juridikoa defenditzeko dagozkion erabaki legalei” ekitea, hots, aipatutako akordio markoaren aurka jotzea.

 

ELAk eta LABek dei egiten diegu CONFEBASKi eta EAEko Ostalaritza Federazioei, orain estatutik salatu nahi den akordioa sinatu dutenez, iritzi publikoari jakinaraz diezaiotela honi buruz zer iritzi duten. Ostalaritzako Akordio Markoa sinatuta EAE mailako negoziazio kolektiboaren aldeko hautua egin zuten; beraz, CCOO, UGT eta estatuko patronalen jarrera salatu egin beharko lukete, hauek EAEn langileei eta enpresei galarazi egiten baitiete negoziatzea.

 

Bestalde, aukera ezin hobea du Eusko Jaurlaritzak sasi-elkarrizketa sozialeko mahaian hartutako akordioak indargabetzeko, baita hartu dituen beste erabaki batzuk bere onera ekartzeko ere. Hala egin ezean, agerian geratuko litzateke ez duela benetan defenditzen hitzez defenditzen duena, eta frogatuko luke gure herriko langile-klasea pairatzen ari den prekarizazio prozesua bultzatzen ari dela. Ezin da ulertu honelako erasoa datorrenean Urkulluren gobernua beste aldera begira egotea.

 

Negoziazio kolektiboaren estatalizazioarekin izatez milaka eta milaka langileren lan- eta bizi-baldintzak hondatzen dira, hau da, prekaritatera zigortzen ditu. ELAk eta LABek berretsi egiten dugu baldintza horiek defenditu eta hobetzeko geure konpromisoa, baita Lan Harreman eta Gizarte-Babeseko euskal Esparruaren aldekoa ere.