CCOO, LAB eta UGTk Bizkaiko Metaleko hitzarmen eskasa sinatuta, protagonismo politikoa eman diote Eusko Jaurlaritzari

2023/02/03
ELAk metaleko langileen borroka nabarmendu du, ekoizpena gelditu eta kaleak bete zituztelako: horrela baino ezin dira lortu akordioan hobekuntzak.

Bitartekaritzaren bidez CCOO-LAB-UGT sindikatuen eta FVEMen arteko Bizkaiko metalgintzako akordioa sinatu den egunean, ELAk gogorarazi nahi du ia berdinak direla gaur adostutako edukiak eta patronalak azaroaren 25ean aurkeztutako proposamenekoak. Orduan, sindikatu horiek beste bost greba egun egitearen alde zeuden, FVEMek planteatutakoa nahikoa ez zelako. Gaur, ordea, akordioa defendatu dute, tauletako soldata igoera % 1 soilik hobetu arren ( % 14tik % 15era, 4 urteko indarraldirako), hau da, ez benetako soldatetan, baizik eta Bizkaiko metaleko langileen gutxiengo bati aplikatzen zaizkion soldata oinarrietan. Gogoratu behar da erosteko ahalmena ez dela bermatuko, urteko soldata igoerak KPIaren araberakoak ez izateaz gain, hitzarmenaren amaierako berrikuspenean ez duelako atzeraeraginik izango.

Gainera, sindikatuek eta patronalak gaur sinatu duten akordioak ez du berme juridikorik. Orrialde eta erdi besterik ez duen dokumentuak, esaterako, soldata kapituluan ziurgabetasun juridikoa du, ez delako gutxieneko bermeari buruzko testu berririk sinatu. Hala gertatu zen 2019ko aurreakordioan ere, oraindik argitzeke dauden gorabehera gehiegi zabalik utzi baitziren eta, ondorioz, hitzarmeneko hainbat puntu auzitegietan amaitu zuten, 2021eko soldata igoera barne.

Era berean, ELAri ulertezina iruditzen zaio Eusko Jaurlaritzari behin betiko akordioa irudikatzeko orduan eman zaion protagonismoa. Gatazka hasi zenetik, patronalarekin batera bere interesak defendatu dituen gobernu bati buruz ari gara.

ELAk protagonismoa eman nahi dio Bizkaiko metalgintzako langileei. Uste du bere borroka eredugarria izan dela 2022an. Hobekuntzak bere borrokaren eta 11 greba egunen ondorio dira.