Nafarroako ehungintzaren industria

CCOOk sinatutako hitzarmen aurreakordioak soldata baxuak eta lanaldi luzeak betikotzen ditu

2024/12/19
CCOOk aurreakordioa lortu du ADETEN patronalaren Nafarroako Ehungintza Industriako hitzarmen sektoriala sinatzeko. Urtean 18.000 eurora iristen ez diren soldatak laguntzaile eta espezialistentzat eta duela hogei urteko lanaldi bera mantentzeaz gain, hitzarmenak ez du aplikatzeko bermerik, ateak zabalik uzten baititu enpresek hitzarmena ez aplikatzeari eta sektoreko Estatuko Hitzarmena ezartzeari.

CCOOk aurreakordioa sinatu du Nafarroako ehungintzaren industriako hitzarmenerako, sektoreko lan baldintzak pobretuko eta okertuko dituena. Gizarte gaietan aurrerapen txikiak egitearen truke (urtean 8 ordu 1. graduko senideari tratamendu onkologikora laguntzeko eta ordaindutako 16 ordu norberaren aukerako 10 orduko egunen ordez), akordioak honako hau jasotzen du:

  • Hiru urterako hitzarmena da (2024-2026), eta ez da bermatzen aplikatuko denik. Enpresek hitzarmena alde bakarretik aplikatzeari utzi ahal izango diote, langileen ordezkarien adostasunik gabe.

  • Gainera, krisiaren aurretik zeuden eskubideak ez dira berreskuratzen, hala nola antzinatasun plusean hirurteko bakoitzeko % 6ko soldata plusa ( % 4 izaten jarraituko du, eta gehieneko muga % 26koa izango da).

  • Soldata igoerak urriak dira eta ez dute benetako erosahalmena bermatzen. 2024rako % 3ko igoera planteatzen da, 2025erako % 2koa eta 2026rako % 2koa. Igoera oso txikiak, kontuan hartuta, gainera, soldata taulak Nafarroako hitzarmenetako baxuenetakoak direla. Hitzartutako soldata berrikuspena mugatuta dago, eta hurrengo urteko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak, beraz, ez dago KPIren bermerik. Ez da murriztu 1.744 orduko lanaldia (Nafarroako altuenetarikoa), duela 20 urtetik berdin jarraitzen baitu. Oso gauza larria da baja kasuetan ez dagoela soldata osagarririk, eta lan istripuen edo lanbide gaixotasunen kasuan ere ez dela langilearen soldata errealaren % 100eraino osatzen.

ELAk sektoreko ordezkaritzaren % 33 du, eta borrokan jarraituko du UGTren eta CCOOren negoziazio eredua nagusitu ez dadin. Izan ere, ELA negoziaziotik kanpo utzi nahi dute, benetako aldarrikapenik onartu behar ez izateko. Gauzak horrela, ELAk lantoki bakoitzeko plantillak antolatzen jarraituko du, hitzarmen honek jasotzen ez dituen hobekuntzak barne hartzen dituzten enpresa hitzarmenak lortzeko.