CEBEKen jarrerak Bizkaia igerilekurik gabe utziko du, bihar 24 orduko greba kirol zelai eta lokalen sektorean

2019/06/26
Bizkaiko kirol lokal eta zelaietako langileak sektorean enplegu duina lortzeko borrokan ari dira. Izan ere, plantillak profesionalizatu dira, baina hori ez da lan-baldintzen hobekuntzan igarri.

Hainbat mobilizazio eta lanuzteren ostean, gaur txanda bakoitzeko 2 orduko lanuztea zegoen deituta, bihar, ekainaren 27a, izango den greba egunaren atarian. Joan den astean CEBEKek bertan behera utzi zuen proposamen sindikalei erantzuteko aurreikusita zegoen bilera. Eta gaurko egunera atzeratu zuen, hain zuzen lanuzte eguna eta grebaren bezpera delarik. Lanuztea gorabehera, alderdi sindikala bilerara joateko prest egon da, CEBEKen proposamen serioa espero zuelarik. Haatik, patronalak ez du halakorik egin eta, areago, bere harrokeria agerian utzi du, ez baitu proposamenik ere egin.

Honez gero esan daiteke gaurko lanuztea masiboa izan dela. CEBEKek erantzun ez izanak asko haserretu ditu beharginak; beraz, biharko grebak, Bizkaiko herritarrak igerilekurik gabe utziko ditu, beroaldi betean. CEBEKen aitzakia, bere ardura saihestu nahian, izan da udalek, igerilekuen titular izanik, ez diotela erantzuten.

Bihar sektorean greba erabatekoa izango da. Honek esan nahi du Bizkaiko igerilekuak itxita egongo direla, beroaldiaren erdian. Mobilizazioak goizeko 10etan hasiko dira CEBEKen egoitza aurrean, Bilboko Kale Nagusiko 50ean, eta hiru ordu beranduago Arriaga antzokiaren aurrean amaituko dira. Ibilbidean zehar sektorean egiten den lana erakusteko hainbat ariketa egingo da, esaterako zumba edo dantza eskolak.