CEL taldeko langileek lantegiak berehala martxan jartzea eta bideragarritasuna bermatzea galdegiten dute

2017/06/09
Cel Technologies & Systems taldea egoera kritikoan dago: asteazken arratsaldez produkzioaren zati bat geldiarazi egin dute, argindarra etenda. Cel taldeak lau lantegi ditu, bi Artziniegan, bat Zallan eta beste bat Güeñesen. 254 langile ditu, eta beste talde bat azpikontratuta dauka.

Enpresaren zuzendaritzak langileei esan die Acciona Energyk argindarra ez ematea erabaki duela, Artziniegako lantegiari salbu, berarekin duten zorra medio. Ordezkaritza legala -ELAk 10 delegatu ditu, eta LABek zein UGTk bana- enpresari eskatu dio behar dena egin dezala berehala argindar hornidura bermatze aldera. Egoera honetara iritsi izana arduragabekeriaren ondorio da, eta honek enpresaren etorkizuna zalantzan jartzen du, produkzioa etenez gero ondorioak oso larriak izan baitaitezke.

Hainbat zuzendaritzaren erabakiek agerian uzten dute beren xedea ez dela enpresaren etorkizuna ziurtatzea, eta horrek miseriara bortxatuko lituzke 300dik gora familia, non eta dagoeneko industria asko galdu duen eskualde batean; berton dago gure herriko langabezia tasarik altuenetakoa.

Maiatzaren 26an Cel Taldearen zuzendaritzak enpresa-komiteei jakinarazi zien auzitegian hartzekodunen aurrekonkurtsoa eskatu zuela. Jakinarazpen berean astebeteko epea ematen zen konkurtsoa behin betikoa izan zedin saihesteko aukera, eta beharginei eskatzen zitzaien soldatak batez beste %20 jaistea onar zezatela. Gainera, komunikatu zutenez, akziodun nagusiek taldetik alde egin zuten, eta ordurarte akzioen %15 zutenek jabetza osoa lortu zutela Zurbost Gestion S.Len bidez.

Ordurarte enpresaren kontrola Eusko Jaurlaritzak (akzioen %40 zeukan Ezten arrisku kapital funtsaren bidez) eta Indarkiak -%45 zeukan Iñaki Lopez Gandasegi enpresarioa buru zelarik- izan dute. Irteera hau aldez aurretik erabakita zegoen, eta zuzeneko zein zeharkako ia 300 langileak abandonatu egin dituzte horrela.

Langileok ez daukagu sortu den egoeraren errurik; proiektu industrial honek inbertitzaile sendoak eta finantzaketa eskatzen ditu. Eusko Jaurlaritzak eta sozio nagusiek arrapaladan alde egin izana salatzen dugu, honek kinka larrian jarri baitu proiektu errentagarri hau. Enpresa bideragarria da -2014 eta 2016an eta 2017ko lehen hiruhilekoan EBITDA positiboa izan da-, baina gainera bere fakturazioa asko hazi da: 47,5 milioi euro saltzen bazituen, aurten 65 milioira iristea espero da (urteko lehen hiruhilekoan ia 17 milioi izan dira).

Horregatik, zuzendaritzari eskatzen diogu plantillari ez diezaiola xantaiarik egin soldatak jaitsi behar direla esanaz, honek ez baitauka zerikusirik taldearen bideragarritasunarekin; herri-erakundeei, berriz, eskatzen diegu Enkarterrietako etorkizun industrialaren eta bertako jendearen alde egin dezatela. Arazoaren parte izan diren instituzioak busti egin behar dira irtenbidea emateko. Ez gara geldirik egongo; enplegu duina izango duten Enkarterrien alde borrokatuko gara; espero dugu herritarren eta herri-erakundeen babesa izango dugula asmo honetan.

Langileen mobilizazioak hasteko asteartean, hilak 13, elkarretaratze bat egingo dute Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzaren aurrean (Gran Vía, 85).