Celaa-ren adierazpenek susmo txarra aregotzen dute

2011/03/31
ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuetako ordezkariek Haurreskola Pantzuergoaren inguruan Celaà Hezkuntza sailburuak eginiko adierazpenak kezkagarritzat jo dituzte. Sindikatuotako ordezkariek soldaten murrizketen bidez lapurtutako dirua itzultzea eskatu dute.

Orain egun batzuk Isabel Celaà Hezkuntza Sainburuak eginiko adierazpenak egoera berri baten aurrean kokatzen gaitu. Soldata murrizketak itzuliko dizkigutela jakiteak pozten gaitu, baina Salburuaren adierazpenek kezkaz betetzen gaituzte. Egoera berri honek bultzatuta, Partzuergoan ordezkaritza dugun sindikatu guztiok, aurrez izan ditugun ezberdintasunak alde batera utzita, elkarrekin egin nahi diogu aurre Haurreskolentzat eta bertako langileentzat kezkagarria deritzogun egoera honi.

Haurreskolak Partzuergoko langileok ,kudeaketa arlokoak zein hezkuntza arlokoak iazko uztailean Hezkuntza departamentuak aurrekontuetan aplikatutako murrizketen aurrean mobilizazio ezberdinak burutu ditugu. Alde batetik, zerbitzu publiko hau pairatzen ari den etengabeko murrizpenak eta  langileok jasaten ari garen soldata jaitsiera salatzeko,zein gure egunerokotasunean nozitzen ditugun egoerak, familiekin zein euskal jendartearekin konpartitzeko. Laburbilduz, neurri murriztaile hauek eragin zuzena izan dute eskaintzen dugun hezkuntza zerbitzuaren kalitatean, langileongan zein haur-eskoletako antolaketa eta funtzionamenduan.

 2010eko abenduan, Haurreskolak Partzuergoak, uztailean dekretuz agindutako aurrekontuen murrizketagatik langileon soldata jaitsi zuten eta horrekin batera eskaintzen dugun hezkuntza zerbitzuan beste neurri murriztaile batzuk aplikatu zitzaizkigun : Beharrezkoak diren ordezkapenak ez dituzte betetzen, ondorioz, pertsona gutxiago kontratatzen dituzte eta koordinazio eta prestakuntza orduak murrizten dira. Egoera horretan LAB, STEE-EILAS eta ELA sindikatuok aplikatutako neurrien kontra geundela adierazi genuen eta ez hori bakarrik, sindikatuok  soldata murrizketaren  aurkako salaketa jarri genuen aplikatutako neurriek gure Lan Hitzarmena urratzen zutelako. Horretaz gain, neurri guzti horiek langileen aurkako neurriak direla ikusirik eta eskaintzen dugun hezkuntza zerbitzu publikoan duten eragina kontuan hartuta, Hezkuntza Sailari zein Haurreskolak Partzuergoari gure haserrea eta desadostasuna adierazi diogu eta hainbat mobilizazio burutu ditugu egoera hori jendarteratzeko : epaitegi aurrean elkarretaratzea, herrialde ezberdinetako hiriburuetan kontzentrazioak, langileen batzarrak, aurreko asteko 3 orduko lan uztea....   

Epaitegietan Haurreskolak Partzuergoan ordezkaritza dugun sindikatuok jarritako salaketari erantzunez, martxoaren 4an EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen langileon soldatan aplikatutako beherapen hori ez zela zuzenbidezkoa eta langileoi dirua bueltatu behar zitzaigula. Egoera horretan, 2011ko martxoaren 29an, Isabel Celaá andereak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuak, komunikabideetan iragarri du Haurreskolak Partzuergoak haur eskoletako langileoi dirua itzuliko digula eta Haurreskolak Partzuergoak bere baliabideak “berrantolatuko” dituela langileoi ordainketa egin ahal izateko.

Hezkuntzako Sailburuak egindako adierazpenei erantzunez, hemen gauden sindikatuok sindikatuok, argi dugu langileoi gure dirua itzuli behar digutela, Haurreskolak Partzuergoko langileona delako. Gainera, esan behar dugu inolako zalantzarik gabe, Hezkuntza Sailaren erabakiak, langileok aurreko astean burututako mobilizazio arrakastatsuari erantzuten diola .Aurreko martxoaren 22an burututako 3 orduko lanuztea oso arrakastatsua izan zen eta langileon % 97ak babestu zuen. Hiru sindikatuok, langileei eskerrak eman nahi dizkiegu lanuztean parte hartu izanagatik eta erakutsi duten konpromisoagatik .Traba eta oztopo guztien gainetik (Lan Sailak gutxieneko zerbitzuak ezarri eta langileok ditugun grebarako eta mobilizatzeko eskubideak murriztu zituen), gure eskubideen alde borrokatzeko gogoa dugula adierazi dugu, harro gaude eta agerian utzi dugu  Haurreskolak Partzuergoko langileok geure lan baldintzen alde eta eskubideen alde borrokatzeko prest gaudela.

Aipagarria da azken aste hauetan langileok Haurreskolak Partzuergotik jasan dugun presioa, zirkular, idatzi eta espediente ezberdinen bitartez geure aldarrikapenak zalantzan jartzen saiatuz eta langileak estutuz.

Bestetik, kezka handiz jaso dugu berria.  Alde batetik, langileoi  dagokiguna itzuliko zaigu, baina bestetik susmo txarra hartzen diogu bere adierazpenetan jasotako edukiaren inguruan “baliabideen berrantolaketa” adierazten duenean . Celaá andereak nola kudeatuko du zerbitzu berdina aurrekontua handitzen ez badu? Nondik itzuliko digu langileoi lapurtutako dirua? Tamalez, galdera hauen erantzunak  badakizkigu eta aski ezagunak dira . Ordezkapenak ez dira beteko, langile gutxiago kontratatuko da, haurren ratioa handituko da, baliabide gutxiago... Borobilduz, eskaintzen dugun hezkuntza zerbitzuaren kalitatean eta langileon lan baldintzetan eragingo du zuzenean.

LAB, STEE-EILAS eta ELA sindikatuok publikoki salatu nahi dugu Isabel Celaá Sailburuak bere adierazpenetan azaldutako arduragabekeria eta orain arte Haurreskolak Partzuergoko ordezkaritza sindikalaren aurrean izan duen jarrera. Alde batetik, komunikabideetan egindako deklarazioak dagokion lekuan egin behar ditu eta lehenbailehen sindikatuak konbokatu. Eta bestetik, aurreko astean, martxoaren 23rako deituak ginen bilera batera azken momentuan  bertan behera utzi zuten , inoiz ez dutela negoziatzeko borondaterik azaldu argi erakutsiz.

Egoera honetan, hemen gauden sindikatuok aurretik aipatutakoa kontutan hartuz ezinbestekoa ikusten dugu aurreko astean abiatutako mobilizazioekin jarraitzea . Gaur, martxoak 31, EAEko 3 hiriburuetan Haurreskolak Partzuergoko  langileok  familiekin batera kontzentrazioak burutuko ditugu eta apirilaren 7rako iragarrita dagoen lanuztearekin aurrera jarraituko dugu.  Alde batetik, eskaintzen dugun hezkuntza zerbitzu publikoan murrizketa gehiago aurreikusten ditugulako eta oraindik ere haurreskoletako langilegoari ez zaiolako  2010eko igoera soldatan aplikatu. 2010ean irakaskuntzako gainontzeko langileek izandako 0,8ko igoera ere emango al digute? Zergatik ukatzen diozu igotze hori gure kolektiboari, Celáa anderea? Irakaskuntzako gainontzeko langileak baino gutxiago al gara? Noizko kolektibo honen aitortza?

Bukatzeko, publikoki familiei eskertu nahi diegu  gure kolektiboko langileekiko izandako jarrera ona eta bide batez, arratsaldeko 6etan hiriburu ezberdinetan burutuko ditugun kontzentrazioetan parte hartzeko gonbitea luzatzen diegu .