GUTXIENEKO SOLDATA - Lanbide arteko Akordioa

CENek, UGTk eta CCOOk bat egin dute Nafarroarentzat gutxieneko soldata propioa sortzeko aukerari betoa jartzeko

2025/02/28
CENek, UGTk eta CCOOk uko egin diote ELAk eta LABek bultzatutako Lanbide arteko Akordioaren gaurko bilerara joateari. Argi geratu da CEN patronal erreakzionarioa dela, lan prekarietatearen kontura negozioa egitea baino bilatzen ez duena. UGTk eta CCOOk EAErako lortu nahi duten akordioa Nafarroan egitea eragotzi dute.

ELAk eta LABek deituta, gaur bilera egitekoa zen Nafarroarentzat lanbide arteko gutxieneko soldata ezartzeko lanbide arteko akordio baten negoziazio mahaia sortzeko. Bileran, CEN patronalaz gain, UGT eta CCOO sindikatuek ere parte hartu dute. Baina hiru erakunde hauek bilerara joateari uko egin diote, jende askoren bizi baldintzak hobetuko dituen Nafarrorako gutxieneko soldata propioa sortzeko aukerari betoa jarriz.

CENek langileak ustiatzeko aukerak erabat irekita jarraitzea nahi du, beren negozio eredua baldintza prekarioetan oinarritzen delako. Patronal moderno baten itxura izan nahi duen arren, praktikan CEN erakunde erabat atzerakoia da.

Are ulergaitzagoa da UGTren eta CCOOren ezezkoa, kontuan hartuta EAEn sindikatu hauek gai bera negoziatzeko prest daudela. Hau da, UGTk eta CCOOk gutxieneko soldata hobetzeko borondatea dute EAEn, baina ez Nafarroan.

Hala, CENek, UGTk eta CCOOk, Nafarroarentzat lanbide arteko gutxieneko soldata propioa ezartzeko Lanbide arteko Akordioa lortzeko negoziazio mahaiari betoa jarri diote.

ELAk gogorarazten du Nafarroaren baliokidea den Barne Produktu Gordina (BPG) duten herrialdeetan gutxieneko soldata Espainiako hileko gutxieneko soldata baino 500 euro handiagoa dela.

Era berean, ELAk instituzio eta alderdi politikoei eskatu die babes dezatela Nafarroako egoera ekonomikoarekin bat datorren gutxieneko soldata bat ezartzeko ekimena. Herritarren ordezkaritza politikoak arautu dezake lan baldintza eskasenak dituzten pertsonen egoera nabarmen hobetuko duen gutxieneko soldata propioa.