CEOEk, CCOOek eta UGTk sinatu duten “hitzarmenen aurrera-eraginari buruzko akordioa”ren ondorioz, patronalaren eskuetan geratu da aurrera-eragina luzatzea
ELAk salatu duenez, patronalaren eta CCOO eta UGT sindikatuen artean aurrera-eraginaren gainean egin duten akordioak lehen zeuden bezala utziko ditu gauzak:
-. Asmo oneko adierazpen hutsa da. Gomendio soilak, lege-baliorik gabekoak. Sektore edo lurralde bakoitzeko patronalaren esku dago itundutakoa aplikatzea edo ez. Euskal patronalak berretsi egin du bere ezezkoa lan-erreforma osotasunean aplikatu gabe uzteari, eta hori negoziazio-mahai guztietan ikusteko aukera daukagu.
.- Indarrik gabeko gomendioak dira. Aurrera-eraginari buruz zera esaten da: hitzarmenaren indarraldia luzatuko da, baldin eta bi alderdiak ados badaude. Noski, horretarako ez dugu akordio horren beharrik, legean jasota baitago. Gainera —esaten denez— alderdi batek negoziazioa amaitutzat jotzen badu, bitartekaritzara edo arbitrajera jo ahal izango da; hori egiteko ere bazegoen bidea aurretiaz. Azkenik, uztailaren 8rako bi urte berritu gabe daramaten hitzarmenen kasuan, “alderdiek premia handiz jo beharko dute bitartekaritzara edo arbitrajera”; hori negoziazio kolektiboari uko egitearen pareko da.
Beraz, CEOEk, CCOOek eta UGTk sinaturiko akordioak ez du ezer berririk ekarri, eta aurrera-eragina patronalaren eskuetan utzi du. Hauspo ematen dio patronalari geldo-geldo ibiltzeko hitzarmenak berritzeko orduan, eta hori patronalaren asmoen mesedetan doa.
ELAk salatzen ditu horrelako akordioen ondorioak. Izan ere, langileei inolako onurarik ez egiteaz gain, babesa ematen zaio patronalari, lan-baldintzak eta soldatak hondatzeko ahal duen guztia erosoago egiten jarrai dezan. Guk gaitzetsi egiten dugu akordio hori, gorago esandakoa ez ezik, berriro azpimarratzen baitu “enpresen barne-malgutasunaren baliabideak sustatzeko beharra”. Hori bera sinatu zuten erakunde horiek berek Negoziazio Kolektiboaren 2012-2014 Akordioan, soldata-igoerak mugatzearren, eta lantokietako lan-malgutasuna sustatzearren.
ELAk gogora dakar langileen lan-baldintzak eta eroste-ahalmena hondatzearen ondorioz areagotu egingo dela enpleguaren galera.