CETA eztabaidatu gabe onartu nahi dute Europar Parlamentuan

2016/11/18
Europar Parlamentuko alderdi nagusiek (PPEk eta sozialdemokratek, baina baita ALDEk eta ECRk ere) ez dute nahi CETA sakon aztertzerik, bera bozkatu baino lehenago.

Horregatik eztabaida bera eragozten ari dira, eta ekidin nahi dute ere mozio bat onartzea, EBko Justizia Auzitegiari eskatzeko CETAren baitako inbertsio-auzitegiak legezkoak ote diren azter dezan; haatik, unibertsitateko eta zuzenbideko ahots ezagunek eta Europako eta Alemaniako Epaileen elkarteek uste dute CETAko inbertsio-auzitegiak Europako araudiaren aurkakoak direla. Aipatutako mozio hori 92 diputatu europarrek aurkeztu dute, eta datorren azaroaren 23an bozkatuko da.

Honen ondorioz buruzagi sozialdemokratak presio gogorrak ari dira eragiten mozioa sinatu duten beren diputatuei, erretira dezaten. Mozioa onartuko ez balitz Parlamentua legezkoa ez den akordio bat berrestekotan legoke.

Gainera, Nazioarteko Merkataritza Batzordeko (INTA) gehiengoak (PPE, ALDE, ECR eta sozialdemokratak) ukatu egin zuten GUE / NGLk GREENS eta EFDDren babesarekin egindako proposamena: ebazpen gehigarri bat egitea CETAren edukietan sakontzeko, gaiarekiko interesa duten batzorde guztien iritziak jasoaz, gainerako merkataritza akordio guztietan egiten den moduan. Beraz, Europar Parlamentuak CETAri baiezkoa ala ezezkoa esatea beste aukerarik ez du, baina ezin izango du horrenbesteko garrantzia duen akordioaren edukiaz eztabaidatzeko.

Presaka doaz eta CETA eztabaidarik gabe atera nahi dute aurrera; agian beldur baitira benetan herritarrak akordioak esan nahi duenaz konturatu eta porrot egingo ote duen. Benetan jokabide demokratikoa!!