CIE Automotivek Legazpin erreforma laborala aplikatzen du, etekin handiagoak lortu nahian
CIE Legazpi lantegia CIE Automotive taldearena da; honek iaz 1.919 milioi euro saldu zituen, eta zerga osteko 80 milioiko etekin garbia lortu; urtarrilaren 2an 9,8 milioiko dibidendoa banatu zuen, eta 530 milioi zeukan dirutan (urtea 350 milioirekin hasi zelarik).
CIE Legazpi berarentzat ere ekitaldia ez zen txarra izan: 51,3 milioi euro fakturatu zituen, eta zerga osteko etekina 2,5 milioi izan zen. Aurten 47 milioitik gora saltzea espero du (2010eko kopurua baino handiagoa); irailaren 30ean 2 milioi euroko EBITDA zeukan.
Enpresa-batzordearen iritziz, enpresak erreforma laborala aplikatu du EEE hau ezartzeko; haatik, zergatiak kontsulta epealdian ezin izan ditu behar bezala azaldu. Areago, hamabost eguneko epea izanagatik izan diren lau bileretako hiru azken sei egunetan deitu ditu. Horrela kontsulta epealdiari buruzko araudia urratu du. Gainera, ez du garrantzi handiko dokumentazioa aurkeztu: 2013rako negozio-plana eta aurtengo amaiera artekoa, behin-behineko itxierarekin.
Halaber, ELAk salatu egin behar du CIE-Legazpiko zuzendaritzaren lege-abusua, EEE hau aplikatzea badagokio ere, itxuraz formak mantenduta zuzenbidearen xede ekonomiko eta sozialak zapuzten baititu: kalte egiten ari zaie langileei (langabezia-prestazioa jaten dielako) eta estatuko enplegu-zerbitzuari (zeinak ordaintzen baitu prestazioa).
ELAren irudiko, CIEren jokabidea iraingarria eta probokazio hutsa da: etekinak dituen enpresa bat legea baliatzen ari da irabazia handitzeko. Langileekiko jokabidea okerra da, eta ez du bat ere solidaritaterik agertzen finantza-krisia bete-betean dagoen honetan baliabide publikoen erabilpen lotsagabearekin.
Azkenik, esan beharra dago ELAk hau guztia aginte laboralari salatu diola, eta aztertzen ari dela laneko jurisdikzioan demanda bat sartzeko aukera.