LAneko heriotza

Cintruenigoko lan istripu hilgarria salatzen du ELAk

2023/11/27
Enpresen zigorgabetasuna eta erakundeen konplizitatea jotzen ditu ELAk laneko ezbeharren erantzule, eta laneko heriotz gehiago ez gertatzeko berehalako neurriak eskatu ditu.

ELAk jakin ahal izan duenez, 54 urteko langile bat hil da gaur goizean Cintruenigoko (Nafarroa) Construcciones Sánchez Martínez enpresako biltegiaren teilatutik erorita. Kontuan izatekoa da, joan den asteartean, Azaroak 21, 33 urteko beste langile bat larri zauritu zela Iruñeko Labrit pilotalekuko estalkian mantentze-lanak egiten ari zela, aldamio batetik erorita.

Lehenik eta behin, ELAk babesa eta elkartasuna helarazi nahi die biktimaren senide eta lagunei, eta ikerketa sakona egin dadila eskatzen du, altueran lan egiteko babes neurrien eta enpresen arteko koordinazioaren inguruko ez-betetzeak argitzeko. Izan ere, hildakoak azpikontratatutako Carpintería Metálica Eneis enpresarentzat egiten zuen lan.

ELAk gogorarazi nahi du aurten honez gero 43 dira Hego Euskal Herrian lan-istripuz hildako pertsonak, horietako 7 Nafarroan, eta gehienak oinarrizko segurtasun-neurri egokiekin erraz ekidin zitezkeenak. Datu ofizialek berresten dutenez, ezbehar-kopurua etenik gabe igotzen ari da 2012az geroztik, eta enpresetan laneko arriskuen prebentzioa ez da egiten, edo egiten bada, paper hutsean geratzen da.

ELAren iritziz, egoeraren larritasunak zerikusi zuzena du enpresarien zigorgabetasunarekin eta erakunde publikoen konplizitatearekin. Patronala oso eroso dago, Prebentzio araudegia betetzen ez den arren, Nafarroako Gobernuak ez duelako arau-hauste horiek kontrolatzeko behar adina baliabide jartzen.

Lan-heriotz gehiago ez gertatzeko berehalako neurriak eskatzen ditu ELAk. Horretarako beharrezkoa da, 2018an Parlamentuak onartutakoari jarraiki, lan-ikuskaritzaren eskumena berreskuratzea eta honen plantilla hirukoiztea, Europako batez bestekora berdinduz, Nafarroako enpresa eta lantokietan ematen diren segurtasun baldintzak behar bezala kontrolatzeko.