Condesa Taldearen inguruan administrazioek daramaten jarrera salatu dute ELA eta LABek
ELA eta LAB sindikatuen oharra:
Atzo bileran Eusko Jaurlaritzak Condesako langileen ordezkariei erakutsitako mespretxua izugarria izan zen. Gure galdera guztiei “ez dakigu” batez erantzun dizkigute. Ez dakite zergatik ez den sinatu Condesa eta Arcelor Mittal eta Banaren arteko akordioa, ezta sinatuko den ere. Ez dakite zer gertatuko den Condesa Taldeak Araban dituen lantokiekin, ezta langileen lanpostuekin ere. Ez dakite ezer, ez dute ezer argitu. Alde ezberdin arteko akordio pribatua dela erantzun digute eta eurek ez dutela esku hartzerik aldeek ez badiete horretarako aukerarik ematen. Benetan, harrigarria eta lotsagarria. Enpresa boteretsu eta handiekiko erabateko menpekotasunaren seinalerik argiena.
Hau al da Eusko Jaurlaritzak Condesarekiko duen industria politika? Hau al da Eusko Jaurlaritzak herri honen langileei eskaintzen diguna? Langileek ez ditugu holako erakundeak merezi.
Eusko Jaurlaritzaren jarrera ikusi ondoren, Gasteizko legebiltzarrera gure aldarria eramateko prest gaude, Condesa enpresak zein Arcelor Mittalek eta Bankak eman beharreko azalpenak bertan eman ditzaten.
Egia nahi dugu, egia ezagutu behar dugu gure eskubidea baita, ez ordea luxu bat. Oztopo guztien gainetik, langileen eskubideak defendatzen jarraituko dugu.