Confebaskek negoziatzeari uko egin dio berriro

Azken hilabeteetan, ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuak gogor ari dira lanean lanbide arteko gutxieneko soldata propioa lortzeko.
Horretarako, bi bide jorratu dituzte: alde batetik, lanbide arteko akordioa, eskura ditugun eskumenen esparruan, langile guztientzako gutxieneko soldata propioa ahalbidetuko lukeena; eta, bestetik, langileen estatutua aldatzea, legegintzako herri-ekimena bultzatuz eta autonomia-erkidegoek gutxieneko zerbitzu propio bat ezartzeko eskumena beren gain hartuz.
Herri Ekimen Legegileak 138.495 sinaduren babesa izan bazuen ere, sindikatuek salatu dutenez, "Eusko Jaurlaritzak kontrako txostena aurkeztu du, ustez juridikoa zena, baina argudio politiko garbiekin, kontra agertu ahal izateko". EAJk argi eta garbi erakutsi du herri ekimen legegilearen aurka dagoela, bizkarra eman dio langileen mesedetan eta subiranotasunaren bidean eman zitekeen pausoari.
Eusko Jaurlaritzak eta patronalak, biek ala biek, berezko gutxieneko soldataren bidea blokeatzea erabaki dute. "Confebaskek errefusatu egin du gaur ere milaka langileren lan- eta bizi-baldintzen hobekuntza eta herrialde honek behar duen urratsa", salatu dute.
Gauzak horrela, sindikatuek premiazkotzat jotzen dute blokeo egoera honen aurrean mugitzea. "Gehiengo sozial eta politikoa gutxieneko soldata propio baten alde agertu da publikoki, eta hori ezin da hitz hutsetan geratu. Pobrezia geldiarazi behar dugu, eta baliabideak behar ditugu gero eta nabarmenagoa den prekaritatea eta soldata-arrakalak murrizteko ". Alderdi politiko guztiei dei egiten diete Legebiltzarrean herri-ekimen legegilearen alde bozka dezaten, "ezinezkoa baita hitzez defendatzea gutxieneko soldata propio baten beharra, eta legegintzako herri-ekimenaren aurkako ekintzen bidez agertzea".
Bestalde, Confebask mugitzera behartu behar dela adierazi dute. "Bada garaia Jaurlaritzak Confebask benetan interpelatzeko eta gutxieneko soldata negoziatzera behartzeko".
Ildo horretan, datozen hilabeteetan mobilizazioak indartuko dituzte. "Confebask interpelatzen eta presionatzen jarraitu behar dugu, eta Jaurlaritzak erantzukizuna bere gain hartzeko garaia da", ondorioztatu dute.