Confebaskek uko egin dio etxeko langileentzako lan hitzarmena negoziatzeari

2022/06/09
Confebaskek uko egin dio etxeko langileentzako lehen hitzarmen bat negoziatzeari, eremu horretan ordezkaritzarik ez duela argudiatuta. Hala adierazi du gaur LHKn ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuekin egindako bileran. Confebaskek negoziatzeko borondaterik ez duenez etxeko langileek erabateko prekaritatean jarraitu behar dute. Espainiako Gobernuak, aldiz, lehen aldiz etxeko langileei eskubide batzuk onartu ditu gaur.

Gogoratu dezagun etxeko langileen kolektiboa sindikalizatu gabeko kolektiboa dela, eremu horretan ez baitago ordezkaritza patronalik, eta legez mugatuta dago ordezkaritza sindikala izateko aukera. Gainera, kolektiboa guztiz atomizatuta dago, hau da, langileek bakarrik egiten dute lan, ez daukate beste kideen babesik. Kolektiboko kideak bereziki emakumeek, askotan arrazializatuek osatzen dute, eta hori izan da arrazoia erregimen berezian egoteko eta gainontzeko langileen eskubideak ez bermatzeko. ELAk urteetan aldarrikatu du langile horiek erregimen berezitik atera behar zirela eta gainontzeko langileen eskubideen bermea.

Confebaskek enpresen ordezkaritza monopolizatzen du, are gehiago, bestelako patronal batzuk azaldu direnean eta mahaietan egoteko eskubidea aldarrikatu dutenean (Lanbidearteko Akordioak negoziatzeko edo lan hitzarmenak negoziatzeko) Confebaskek ukatu egin die egoteko aukera legezko ordezkaritza bakarra beraiek dutela argudiatuta. Langile ahulenak, emakumeak, euren lan eskubideak hobetzeko proposamena dakartenean, baina, Confebaskek bere ordezkaritzari uko egiten dio eta ez du negoziatzeko asmorik erakusten.

Madriletik, aldiz, bestelako jarrera ikusi da. Espainiako Gobernuak Langileen Nazioarteko Erakundearen (OIT) hitzarmenak onartzen dituen heinean, pixkanaka bada ere, etxeko langileen lan baldintzak normalizatzeko lehen aldiz eskubide batzuk onartu ditu, hala nola, langabeziaren errekonozimendua, kaleratzeak justifikatu behar izatea eta lan arriskuen prebentzioan hobekuntzak. Orain arte etxeko langileek ez zeukaten baldintza horiek bermatuta.

Hala ere, oso urrats txikiak dira. Oraindik ere asko falta da langile horien egoera normalizatzeko, eta atzerritartasun legea aldatu eta erregularizazioa ahalbideratu ezean, askorentzat egoera ez da aldatuko. Baina urrats bat bada, behinik-behin.

Aukera galdua EAEn

ELAren ustez, gaurko LHK-ko mahai osaketa aukera galdu bat izan da. Horrelako prozesu bat abiatzen denean, ezinbestekoa da patronalaren ezezkoaren aurrean langileak mobilizatzeko estrategia partekatua izatea. Bestela, langileei espektatiba faltsuak eragiten zaie, eta frustrazioa sortu.

ELAk oso argi dauka emakume langile horiek jasaten duten diskriminazioa hertsiki lotuta dagoela zaintza sistemaren gabeziarekin. Euskal Herrian zaintza sistema publikoa behar da, doakoa, duina eta kalitatezkoa.

Era berean, atzerritartasun lege kriminalak eskubiderik gabe eta ikusezintasun egoeran lan egitera kondenatzen ditu paperik gabeko emakumeak (etxeko langileen herena ezkutuko ekonomian dihardu). ELAk pertsona migranteak erregularizatzea eskatzen du, berme guztiekin lan egiteko eta gainerako langileen eskubide berberak izan ditzaten.

ELA prest dago etxeko langileekin eta eurek ordezkatzen dituzten elkarteekin elkarlanean mobilizazio dinamikak martxan jartzeko, lan prekarioan aritzen diren emakumeen lan eta bizi baldintzak hobetzeko estrategia eraginkor eta partekatu bat abian jartzeko.