Lanbide arteko Gutxieneko Soldata

Confebaskek uko egin dio gutxieneko soldata egoki bat negoziatzeari

2025/02/06
Patronalak bere izaera autoritarioa berretsi du eta uko egin dio langileen ordezkaritza nagusia duten erakundeek eskatutako negoziazioa martxan jartzeari. Confebask negozioa langileen prekaritatearen kontura egin nahi duen patronal atzerakoi bat besterik ez dela argi geratu da gaurko bileran.

ELA eta LAB sindikatuok deituta gaur bilera izan da Bilboko Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan. ELAk eta LABek EAEko langile guztientzako gutxieneko soldata baten negoziazio abiatzeko eskaera egin diote Confebaski eta honek erantzun du hau Estatuko eskumena dela eta ez dagoela prest EAEn gutxieneko soldata ezberdin bat izan dadin.

Negoziaketa honetan helburu ezberdinak izan arren, bileran parte hartu duten sindikatu guztiek prestutasuna azaldu dute negoziaketa abiatzeko eta, hala ere, Confebaskek edozein elkarrizketa hasteari betoa ezarri dio.

Confebasken nahia da langileak esplotatzeko aukera erabat zabalik izatea eta bere negozio eredua lan-baldintza okerretan oinarritzea. Patronal moderno baten itxura hartu nahi duen arren, praktikan erabat atzerakoia den patronala da Confebask.

ELAk gogora ekarri nahi du EAEko pareko Barne Produktu Gordina duten herrialdeetan bataz-beste gutxieneko soldata Espainiako hileko gutxieneko soldata baino 500 euro altuagoa dela. Horregatik, Confebasken ezezkoak langile pobreenak esplotatzen jarraitu ahal izatea beste helbururik ez du.

ELAk erakundeei eta alderdi politikoei eskatu die Herri Ekimen Legegilea babestu dezaten. Horrela, patronalak egiaztatuko du, borondatez gutxieneko soldata negoziatzeko asmorik ez badu ere, herritarren ordezkaritza politikoak gutxieneko soldata propioa arautu dezakeela.

Patronalaren ezezkoaren aurrean euskal langileriak argi erakutsiko dio patronalari euskal langileek gutxieneko soldata propio bat nahi dutela eta horretarako gehiengo sindikalak proposatutako Herri Ekimen Legegilearen alde milaka sinadura bilduko dituzte. Sinadura horiek guztiak, Legebiltzarrera eramateaz gain, sindikatuek Confebaski ere helaraziko dizkiote langileen borondatearekin aurrez aurre topo egin dezan.