Confebaskeko buruaren adierazpenek ez dute borroka sindikalen zilegitasuna ukatzea beste helbururik
2021/09/27

ELAk Confebaskeko presidenteari zera eskatu dio: pasa den igandean El Correo egunkarian egindako adierazpenak berehala zuzendu ditzala. Izan ere, patronalaren buruzagiak esan du zenbait lan gatazketan "ETArekin bizi izan genuen erradikaltasun bera" ikusten duela. ELAren ustez, horrelako adierazpenek -gainera, hedabide nagusiek oihartzuna emanik-, helburu bakarra dute: gizarteak barneratu dezala oinarrizko eskubide eta askatasunen erabilera (erabat arauzkoak diren manifestazio edo greba eskubidea, esaterako) terrorismoarekin eta indarkeriarekin identifikatzen duen pentsamendua. Adierazpen horiek, gainera, behin eta berriro errepikatzen dira. Adibidez, egun batzuk lehenago, Juan Ugarte SEAko zuzendari nagusiak "Siziliako mafiarekin" konparatu zituen Tubacexeko sindikatuak.
ELAren iritziz, ekintza sindikala eta langileen eguneroko borroka kriminalizatzea ez dator bat demokraziarekin. Eduardo Zubiaurrerena bezalako erantzukizun publikoa duenaren kasuan, gainera, erabat desegokia da, besteak beste, enpresaburu guztien solaskide nagusia baita euskal erakundeen eta sindikatuen aurrean.
Dena den, ELAk gogorarazi nahi du ez dela aurreneko aldia Zubiaurrek halako adierazpen desegokiak egiten dituena. Idoia Mendia Lehendakariordeak berak iaz adierazi zuenez, Zubiaurre solaskide gisa deskalifikatuta zegoen, pandemiaren hasieran funtsezkoak ez ziren jarduerak geldiarazteagatik Sanchezen Gobernuaren aurka egindako adierazpenengatik.