LGS PROPIOA
Confebasken jarrera harroputz eta esplotatzailearen aurrean mobilizatzera joko du gehiengo sindikalak

Gehiengo sindikalak dei egiten die euskal langileei gutxieneko soldata eta pentsionaren alde mobilizatzera. Confebaskek uko egin dio behin eta berriro gutxieneko soldata bat negoziatzeari; patronal honek ez du elkarrizketarako eta konponbideak bilatzeko inongo interesik. Lehen deialdian mahaia eratzeari uko egin zion, eta ondoren, herrialdeetako patronalek gurekin biltzeari ezezkoa eman zioten. Gaur, martxoaren 20rako deitutako bilera ere bertan behera uztea erabaki dute.
Confebaskek ez du elkarrizketan sinesten, eta ez du EAEko jendartearekiko bere ardura hartzen. Gatazka beste biderik uzten ez duen patronala ez da herri honek behar duen patronala.
CONFEBASKek berriz ere enpresen iraunkortasuna azaltzen du negoziazioari uko egiteko arrazoi nagusi gisa. Atzo sindikatuek publiko egin genuen 1.500 euroko gutxieneko soldata eskatzen ari ginela 2026 urterako eta jadanik 2024ko negoziaketetan 1.400 eurotako langa gainditua izan dela EAEn sinatu ziren hitzarmenen %90ean eta, ondorioz, eskatutako Lanbidearteko Akordioak eragina izango lukeela soilik Estatuko hitzarmena duten edo hitzarmen eguneraturik ez duten sektoreetan. CONFEBASKek langileen miseriaren kontura irabaziak pilatzen jarraitu nahi du eta horretarako aitzakiak besterik ez ditu erabiltzen. Frantzian edo Alemanian gutxieneko soldata Espainiakoa baino 500 eta 700 euro altuagoa da EAEko antzeko egitura ekonomikoarekin; arazoa ez da lehia, CONFEBASKen izaera erreakzionarioa baizik. Sindikatuen proposamena entzun ere egin gabe negoziaketari uko egiteak argi erakusten du patronalaren autoritarismoa.
Herri honek gutxieneko soldata propioa behar du, gutxieneko pentsio duina behar du. Pobrezia eta jendarte bazterkeriaren aurka, soldata arrakalen aurka, aberastasunaren banaketa bidezkoagoa lortzeko, jendarte eredu justu eta egokiago baten bidean.
Pentsiodunek herri ekimen legegilea landu dute, eta lortutako sinaduren berri ere eman dute: 95.000 sinadura, gutxieneko pentsio duin baten alde. Herri ekimen legegile hori babestuz, EAEko jendarteak argi adierazi du gutxieneko pentsio duin baten aldeko jarrera. Gehiengo sindikaletik ere aspalditik ari gara gutxieneko pentsio eta soldata duinen aldeko borrokan. Bada, datozen aste eta hilabeteetan, gure dinamika indartuko dugu. Gutxieneko soldata propio bat ezartzeko eskumena lortzeko herri ekimen legegilearen aldeko milaka sinadura bilduko ditugu, lan-zentroetan eta kalean. Ondoren alderdi politikoei egokituko zaie posizioa hartzea Legebiltzarrean.
Euskal jendartea ordezkari instituzional eta patronalek ez daukaten maila erakusten ari da, eta datozen hilabeteetan ere hori erakutsiko du. ELA, LAB, ESK, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuok mobilizazioetara joko dugu: Lehenik, apirilaren 3an, 11:30etan, Confebasken egoitzaren aurrean mobilizatuko gara. Horrez gain, apirilaren 5ean, pentsiodunek gutxieneko pentsio eta soldata duinen alde deituriko manifestazioetan parte hartuko dugu, eta langileria guztiari dei egiten diogu horietan parte hartzera.
Euskal langileria kalera aterako da, patronalaren jarrera autoritarioari aurre egin eta mugitzera behartzeko, eta alderdi politiko eta ordezkari instituzionalak interpelatzeko, gutxieneko soldata eta pentsioen aldeko posizioa har dezaten.