Amazon de Trapagaran

5 greba egun deitu dituzte Gabonetan hitzarmen propio baten negoziazioan aurrera egiteko

2023/12/12
2022ko Ciber Monday egunean lehen greba egin zenetik hamahiru hilabetera, Trapagarango Amazoneko zentro logistikoko 125 langileek "gehiago ezin dutela” adierazi dute, eta 2023ko abenduaren 17an eta 18an eta 2024ko urtarrilaren 3an, 4an eta 5ean greba deitzea erabaki dute prekarietatearekin amaitzeko hitzarmen bat negoziatzeko.

2022ko abenduan, merkataritza elektronikoaren enpresa erraldoiaren zuzendaritzak langileei eskatu zien mobilizazioak egiteari uzteko elkarrizketa-zubiak eraikitzeko eta Enpresa Batzordearekin esertzeko lantokiko hitzarmen bat negoziatzeko. Langileek mobilizazioak etetea erabaki zuten 2022aren amaieran, baina azken urtean, Enpresa Batzordeak eta Amazonek hamar bilera baino gehiago egin ostean, ez da aurrerapausorik eman.

Amazonen indarra lan-prekarietateaz elikatzen da; lanaldi luzeak, ordu osagarrien gehiegizko erabilera, lan-erritmo oso altuak, langileen osasun fisiko eta/edo psikologikoari eragiten dioten APPen etengabeko kontrola, baita ABLEen kontratazioengatik ezegonkortasun handia, banatzaileen subrogaziorako eskubiderik eza, banatzaileen kolektiboari Garraio Hitzarmena ez aplikatzea... gai horiek guztiak ez dira konpondu 2022ko urritik abendura bitartean egindako 4 greba egunen ondoren.

Amazonek oso finantza osasun ona izaten jarraitzen du prekarietatearen kontura. 2023ko lehen hiruhilekoan 3.200 milioi dolarreko etekin garbiak lortu zituen mundu mailan. 2023ko bigarren hiruhilekoan, Amazonen diru sarrerak % 11 handitu ziren. Mozkin garbia 6.700 milioi dolarrekoa izan da. 2023ko laugarren hiruhilekorako, 160.000 milioi eta 167.000 milioi dolar arteko diru-sarrerak aurreikusi ditu Amazonek, zerga aurreko irabaziak 7.000 eta 11.000 milioi dolar bitartekoak izanik. Egoera ekonomiko horrekin, Amazonek ez die jaramonik egiten Trapagarango plantillaren lan baldintzen hobekuntzei.

Egoera honen aurrean, Trapagarango Amazoneko langileen batzarrak, LAB eta ELA sindikatuekin batera, abenduaren 17an eta 18an eta urtarrilaren 3an, 4an eta 5ean 5 greba egun deitzea erabaki du.

Trapagarango Amazon zentro logistikoan 125 pertsona ari dira lanean, eta paketeak Bizkaia, Araba, Gipuzkoa, Burgos eta Kantabriako merkataritza elektroniko erraldoiaren bezeroei banatzen dizkie.