Correosek Jundizko zentrorako autobus-zerbitzua kentzeko asmoa duela salatu du ELAk

2021/07/27
ELAk salatu egin du Correosek Jundiz CTAko zentroari abuztuaren 1erako autobus-zerbitzua kentzeko erabakia hartu izana, eta aurreratu du legezko neurri egokiak hartuko dituela. Gainera, sindikatuak kritikatu du aldebakarreko erabakia dela, negoziatu gabea.

Enpresak argudiatzen du autobusak gutxi erabiltzen direla eta kostuak murriztu behar direla. ELA ez dator bat arrazoi horiekin, autobusak beteta joaten baitira txanda bakoitzean. Correos-ek, gainera, ez du inolako zenbatekorik eman neurri horrekin aurrezteko, ezta kontuak ere, horiek negatiboak diren ala ez jakiteko.
ELAren iritziz, autobus-zerbitzua langile guztiek 2003tik eskuratutako eskubidea da, Jundizko CTA zentroa ireki zenetik. Gauzak horrela, sindikatuak ez du onartuko inolako arrazoirik gabe ezabatzea, lan-baldintzak murriztea eta lanera joatean gauez segurtasun falta areagotzea.
Enpresak, gaur, ahoz baino ez du erabakiaren berri eman; ez die agiririk eman ez enpresa-batzordeari, ez eragindako langileei.